COVID-19: Azken datuak

Apaldu da azken asteotako goranzko joera: atzo positibo bat Iturenen eta bertze bat Etxalarren

Ttipi-Ttapa 2020ko azaroaren 17a

Atzo, azaroak 16, behin betiko datuen arabera Nafarroan 138 positibo atzeman zituzten, irailaren 2az geroztik kopururik txikiena.

Urriaren 16az geroztik, azkeneko hilabete honetan, 460 pertsona kutsatu dira Covid-19arekin gure lurraldean. Horietatik 164 Bortzirietakoak dira, 151 Baztango osasun eremukoak, 94 Doneztebeko eremukoak eta 51 Leitzako eremukoak. Atzoko datuek, aldiz, bakarrik bi positibo gehiagoren berri eman dute: bat Iturenen eta bertzea Etxalarren.

Gure lurraldean pandemiaren hasieratik metatutako positiboak errepasatuz gero, 299 dira Doneztebeko osasun eremuan (Malerreka+Bertizarana) atzeman dituztenak, 445 Elizondoko eremuan  (Baztan+Urdazubi+Zugarramurdi), 212 Leitzako eremuan (Arano+Areso+Goizueta+Leitza) eta 285 Bortzirietan.

Nafarroa osoko datuei dagokionez, atzo, azaroak 16, 2.363 proba egin zituzten (1.424 PCR eta 939 antigeno-testa) eta horietatik 138k positibo eman zuten (%5,8)

Covid-19ak jota, atzo, azaroak 16, 18 pertsona ospitaleratu zituzten Nafarroan, horietatik 2 ZIUn, eta 3 hildakoren berri eman zuten. Alta eta bajen balantzea egin ondotik, orain 326 daude ospitalean, horietatik 57 ZIUn.

Ikuspegi geografikotik, Iruñean eta Iruñerrian daude positiboen %64, Tuteran %18 eta Lizarran %9. Gainerako positiboak (%9) Nafarroako bertze eskualde batzuen artean daude banatuak.
 

Adin-tartekako kasuen banaketari dagokionez, talde nagusia 30 eta 44 urte bitartekoa da (%24), eta atzetik 45 eta 59 urte bitartekoa (%21). Ondotik, 15 urtetik beheitikoak daude (%19); 15 eta 29 urte bitartekoak (%15); 60 eta 75 urte bitartekoak (%13); eta 75 urtetik goitikoak (%8). Kasu berrien batez bertzeko adina 39,9 urtekoa da. Generoari dagokionez, % 55 emakumeak dira eta % 45 gizonak.

Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatuari dagokionez, atzoko kasuak batuz gero, 37.864 pertsonakoa da, eta heriotza kopurua 805koa da.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun