Koronabirusa

Gobernuak ostalaritzari emanen dizkion dirulaguntzak «%20tik gorako jaitsiera akreditatzen dutenei» banatuko die

Ttipi-Ttapa 2020ko aza. 16a, 20:15
Dirulaguntzetatik kanpo geldituko dira 2020ko lehen hiru hiruhilabetetan, 2019koekin konparatuta, BEZaren aitorpenean %20tik gorako jaitsiera akreditatzen ez duten establezimenduak

Ostalaritza sektoreari eman beharreko laguntza zuzenak 10 milioi eurotik 20 milioitara igotzea erabaki du Nafarroako Gobernuak, osasun larrialdiak ekarri duen krisiaren ondorioak arintzeko. Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilariak eta Manu Aierdi Ekonomiaren eta Enpresen Garapeneko kontseilariak eman diete neurri hauen berri sektoreko ordezkariei, astelehen honetan egin duten bilera batean.

Elma Saiz kontseilariak azaldu duenez, «Alemanian egin duten antzera banatutako laguntzak izanen dira, fakturazioaren beherakadan oinarrituz emanen diren laguntzak direlako, eta gehienez ere 25.000 eurora irits daitezkeenak negozio bakoitzeko».

Manu Aierdi kontseilariak zehaztu duenez, «laguntza hauetatik kanpo geldituko dira 2020ko lehen hiru hiruhilabetetan, 2019koekin konparatuta, BEZaren aitorpenean %20tik gorako jaitsiera akreditatzen ez duten establezimenduak». «Laguntzak zinez kaltetuak izan direnei emateko irizpide bat ezarri nahi dugu», azpimarratu du kontseilariak. 

Dirulaguntza deialdiaren oinarriak aste honen amaieran jakinaraziko direla erran du Aierdik, eta, horri esker, «Aldizkari Ofizialean azkar argitaratu ahal izanen dira eta, hartara, eskaerak ere berehala egin eta laguntzak aurten bertan bideratu ahal izanen dira».

Kontseilariak egin dituen aurreikuspenen arabera, laguntzen eskaerak abenduaren hasieran aurkeztu ahal izanen dira, eta abenduan bertan ebatziko dira.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun