Gizarte mailako transmisioa kontrolatuago dagoela dirudienean, adinagatik eta dituzten gaixotasunengatik bereziki zaurgarriak diren Bortzirietako bi zahar etxeetan agertu da gaitza. Lesakako agerraldiarekin konparatuta, Berakoa «larriagoa» dela erran digu Ruth Gonzalez medikuak, Bortzirietako Osasun Eremuko arduradunak. «Kontuan hartu behar dugu gaixotasun honek 40 urteko pertsona batean edo 80 urtetik goitiko batean ondorio hagitz diferenteak dituela».
Oraingoz egoiliar guztiak Berako zahar etxean daudela adierazi du Gonzalezek baina, litekeena da, larritasunaren arabera, bakarren batzuk Iruñeko San Juan de Dios ospitalera eraman behar izatea edota, Covid gaixoak artatzeko prestatuta dagoen Iruñerriko egoitzaren batera. Bidasoko Ospitalea hurbilago dago baina, Gonzalezek adierazi dutenez, kasu honetan Iruñera eramanen dituzte, behartuz gero.
Langile guztiei ere baheketa egin diete
Duela egun batzuk bi langilek positibo eman zuten eta, orain, egoiliarrei bezala, langile guztiei ere baheketa egin diete langileen artean kutsatu gehiago dagoen ikusteko.