COVID-19: Azken datuak

Atzotik 17 positibo gehiago atzeman dituzte: sei Elizondoko eremuan, bosna Leitzako eta Doneztebekoetan eta bat Bortzirietan

Laborategiko teknikari bat Nafarroako Ospitaleko Mikrobiologia Klinikoko Zerbitzuan PCR probak prestatzen.

Azken datuen arabera bertze 17 pertsona gehiago kutsatu dira. Horietatik sei Elizondoko eremuan (Elizondo +4, Irurita +1 eta Arraioz +1), bost Leitzako eremuan ( Leitzan +4 eta Areso +1), bortz Doneztebeko eremuan (Doneztebe +4 eta Donamaria +1) eta bat Bortzirietan (Lesaka +1).

Gure lurraldean pandemiaren hasieratik metatutako positiboak errepasatuz gero, 284 dira Doneztebeko osasun eremuan (Malerreka+Bertizarana) atzeman dituztenak, 412 Elizondoko eremuan  (Baztan+Urdazubi+Zugarramurdi), 199 Leitzako eremuan (Arano+Areso+Goizueta+Leitza) eta 208 Bortzirietan.

Nafarroa osoko datuei dagokionez, atzo, azaroak 5, 4.482 proba egin zituzten (2.268 PCR eta 2.214 antigeno-testa) eta horietatik 344k positibo eman zuten (%7,7)

Covid-19ak jota, atzo, azaroak 5, 29 pertsona ospitaleratu zituzten Nafarroan, horietatik 4 ZIUn, eta 9 hildakoren berri eman zuten. Alta eta bajen balantzea egin ondotik, orain 412 daude ospitalean, horietatik 61 ZIUn.

Ikuspegi geografikotik, Iruñean eta Iruñerrian daude positiboen %45, Tuteran %25 eta Lizarran %13. Gainerako positiboak (%17) Nafarroako bertze eskualde batzuen artean daude banatuak.

Adin-tartekako kasuen banaketari dagokionez, talde nagusia 45 eta 59 urte bitartekoa da (%23); ondotik, 30 eta 44 urte bitartekoa (%21). Gero, 15-29 urteko taldea dago (%20); 15 urtetik beheitikoak (%15); 60 eta 75 urte bitartekoak (%12); eta, azkenik, 75 urtetik goitikoak (%9). Kasu berrien batez bertzeko adina 41 urtekoa da. Generoari dagokionez, % 56 emakumeak dira eta % 44 gizonak.

Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatuari dagokionez, atzoko kasuak batuz gero, 35.554 pertsonakoa da, eta heriotza kopurua 748koa da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun