COVID-19: Azken datuak

17 positibo gehiago atzotik; zortzi Leitzako eremuan, lau Bortzirietan, hiru Doneztebeko eremuan eta bi Elizondokoan

416 pertsona daude ospitalean, horietatik 60 ZIUn (Zainketa Intentsiboetako Unitateetan)

Azken orduetan bertze 17 pertsona gehiago kutsatu dira. Horietatik zortzi Leitzako eremuan (Leitza +4, Arano +3 eta Goizueta +1), lau Bortzirietan (Bera +2, Arantza +1 eta Etxalar +1), hiru Doneztebeko eremuan (Doneztebe +2 eta Sunbilla +1) eta bi Elizondoko eremuan (biak Elizondon).

 

Gure lurraldean pandemiaren hasieratik metatutako positiboak errepasatuz gero, 275 dira Doneztebeko osasun eremuan (Malerreka+Bertizarana) atzeman dituztenak, 399 Elizondoko eremuan  (Baztan+Urdazubi+Zugarramurdi), 192 Leitzako eremuan (Arano+Areso+Goizueta+Leitza) eta 202 Bortzirietan.

Nafarroa osoko datuei dagokionez, atzo, azaroak 3, 3.807 proba egin zituzten (2.875 PCR eta 932 antigeno-testa) eta horietatik 340k positibo eman zuten (%8,93)

Covid-19ak jota, atzo, azaroak 3, 38 pertsona ospitaleratu zituzten Nafarroan, horietatik 2 ZIUn, eta 10 hildakoren berri eman zuten. Alta eta bajen balantzea egin ondotik, orain 416 daude ospitalean, horietatik 60 ZIUn.

Ikuspegi geografikotik, Iruñean eta Iruñerrian daude positiboen %47, Tuteran %23 eta Lizarran %10. Gainerako positiboak (%20) Nafarroako bertze eskualde batzuen artean daude banatuak.

Adin-tartekako kasuen banaketari dagokionez, talde nagusia 45 eta 59 urte bitartekoa da (%27); ondotik, 15 eta 29 urte bitartekoa (%20). Segidan, 15 urtetik beheitikoen eta 30 urtetik 44ra bitartekoen taldeak daude (%17); ondotik, 60tik 75era bitartekoak (%11), eta azkenik, 75 urtetik gorakoenak (%8). Kasu berrien batez bertzeko adina 40,3 urtekoa da. Generoari dagokionez, % 56 emakumeak dira eta % 44 gizonak.

Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatuari dagokionez, atzoko kasuak batuz gero, 34.483 pertsonakoa da, eta heriotza kopurua 737koa da.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun