COVID-19: Azken datuak

Zazpi positibo atzeman dituzte azken orduetan; lau Elizondoko eremuan eta hiru Doneztebekoan

Ttipi-Ttapa 2020ko urr. 28a, 15:30

Atzotik 7 pertsona gehiago kutsatu dira gure lurraldean. Horietatik lau Elizondoko osasun eremuan eta hiru Donezbekoan. Bortzirietako eta Leitzako osasun eremuetan, aldiz, ez dute kasu berririk atzeman azken orduotan. 

Gure lurraldean pandemiaren hasieratik metatutako positiboak errepasatuz gero, 254 dira Doneztebeko osasun eremuan (Malerreka+Bertizarana) atzeman dituztenak, 355 Elizondoko eremuan  (Baztan+Urdazubi+Zugarramurdi), 160 Leitzako eremuan (Arano+Areso+Goizueta+Leitza) eta 179 Bortzirietan.

Nafarroa osoko datuei dagokionez, atzo, urriak 27, 4.051 PCR eta antigeno proba egin zituzten eta horietatik 461ek positibo eman zuten (%11,3)

Covid-19ak jota, atzo, urriak 27, 31 pertsona ospitaleratu zituzten Nafarroan, eta 7 hildakoren berri eman zuten. Alta eta bajen balantzea egin ondotik, orain 387 daude ospitalean, horietatik 50 ZIUn.

Ikuspegi geografikotik, Iruñean eta Iruñerrian daude positiboen %60, Tuteran %20 eta Lizarran %8. Gainerako positiboak (% 12) Nafarroako bertze eskualde batzuen artean daude banatuak.

Adin-tarteei dagokionez, talde nagusia 45 eta 59 urte bitartekoa da, guztien %26a. Ondotik, 15 eta 29 urte bitarteko eta 30 eta 44 urte bitarteko taldeak (%19); atzetik datoz 60 eta 75 urte bitarteko taldeak eta 15 urtetik beheitikoak (%15); eta azkenik, 75 urtetik goitikoak (%6). Kasu berrien batez bertzeko adina 41,3 urtekoa da. Generoari dagokionez, % 52 emakumeak dira eta % 48 gizonak.

Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatuari dagokionez, atzoko kasuak batuz gero, 30.144 pertsonakoa da, eta heriotza kopurua 695koa da.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun