Koronabirusa

Nafarroan asteazkenetik aitzinera etxekoak bakarrik elkartu ahal izanen dira etxeetan

Ttipi-Ttapa 2020ko urr. 26a, 19:16

Nafarroako Gobernuak gaur arratsaldean finkatu duenez, etxebizitza batean soilik etxe horretan bizi direnak elkartu ahal izanen dira. Horrela, oraingoz azaroaren 4a bitarte, debekatu egin dute batera bizi ez diren pertsonak eremu pribatuan elkartzea. Soilik bakarrik bizi direnak eta mendekotasunen bat dutenak daude salbuetsiak. Eremu publikoan, berriz, gehienez sei lagun bildu ahal izanen dira. Erabaki hauen berri Javier Remirez lehen presidenteordeak eman du.

Etxeratze aginduaren ordutegia ere finkatu dute: herritarrek ezin izanen dute kanpoan ibili 23:00etatik 06:00etara. Salbuespen batzuk ezarri dituzte etxetik ateratzeko: botikak erosteko, erietxera joateko, albaitariarengana larrialdi batekin joateko, lanera joateko, etxera itzultzeko eta adinekoak, adingabeak edo mendekotasuna dutenak zaintzeko.

Nafarroako Gobernuko lehendakariak, María Txibitek, foru dekretu bat sinatuko du bihar. Dekretu horrek Ministroen Kontseiluak igandean onartutako Alarmaren Egoerari buruzko Errege Dekretuan jasotako neurriak zehaztuko ditu.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun