COVID-19: Azken datuak

21 positibo gehiago azken orduetan; 8 Elizondoko osasun eremuan, 7 Doneztebekoan, 4 Leitzakoan eta 2 Bortzirietan

Ttipi-Ttapa 2020ko urr. 22a, 13:30

Doneztebeko Osasun Etxe zaharrean egiten dituzte inguruko PCR probak.

Azken orduetan 21 kasu berri atzeman dituzte gure lurraldean. Horietatik zortzi Elizondoko osasun eremuan, zazpi Malerreka-Bertizaranan, lau gehiago Leitzako osasun eremuan eta bertze bi Bortzirietan. Azkeneko bi asteotan, urriaren 8az geroztik, 165 kasu berri atzeman dituzte: Baztan-Urdazubi-Zugarramurdin (+81), Malerreka-Bertizaranan (+40), Bortzirietan (+22) eta Arano-Areso-Goizueta-Leitzan (+22).

Gure lurraldean pandemiaren hasieratik metatutako positiboak errepasatuz gero, 227 dira Doneztebeko osasun eremuan (Malerreka+Bertizarana) atzeman dituztenak, 313 Elizondoko eremuan  (Baztan+Urdazubi+Zugarramurdi), 138 Leitzako eremuan (Arano+Areso+Goizueta+Leitza) eta 168 Bortzirietan.

Nafarroa osoko datuei dagokionez, atzo, urriak 21, 3.651 PCR proba egin zituzten eta horietatik 593k positibo eman zuten (%16,2)

Covid-19ak jota, atzo, urriak 21, 31 pertsona ospitaleratu zituzten Nafarroan, eta 2 hildakoren berri eman zuten. Alta eta bajen balantzea egin ondotik, orain 330 daude ospitalean, horietatik 44 ZIUn.

Ikuspegi geografikotik, Iruñean eta Iruñerrian daude positiboen %64; Tuteran %6, eta Lizarran %9. Gainerako positiboak (% 21) Nafarroako bertze eskualdeetan banatzen dira.

Adin-tartekako banaketari dagokionez, 45 eta 59 urte bitartekoak dira talde nagusia (%28), eta 15-29 urtekoak (%19). Ondotik, 30 eta 44 urte bitarteko adingabeen taldea dago (%18); gero, 15 urtetik beheitikoak (%15) eta 60 eta 75 urte bitartekoak (%14); eta azkenik, 75 urtetik goitikoak (%6). Kasu berrien batez bertzeko adina 41 urtekoa da. Generoari dagokionez, % 50 emakumeak dira eta % 50 gizonak.

Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatuari dagokionez, atzoko kasuak batuz gero, 26.941 pertsonakoa da, eta heriotza kopurua 666koa da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun