Euskal Herriko hirugarren mailako aizkora txapelketako azken bi kanporaketak urriaren 24an eta 25ean jokatuko dituzte

Ttipi-Ttapa 2020ko urr. 22a, 18:00
Oier Larretxea aizkolari beratarra igande eguerdian ariko da Aramaion.

Biak Araban izanen dira, larunbatean Agurainen eta igandean Aramaion

Joan den asteburuan jokatu zen Euskal Herriko hirugarren mailako aizkora txapelketako lehen kanporaketa. Arribeko Txomin Amundarainek eta Leitzako Julen Olanok lortu zuten finalerako lehen bi txartela eta asteburu honetan erabakiko dira bertze lauak. Larunbat arratsaldean Agurainen ariko direnen artean izanen da Beintza-Labaiengo Jon Telletxea eta igande eguerdian Aramaion ariko da Berako Oier Larretxea.

Larunbatean, 18:30ean, Aguraingo pilotalekuan ariko dira hamaika aizkolari: Nafarroako bi ordezkari izanen dira, Beintza-Labaiengo Jon Telletxea Juanena eta Etxarri Aranazko Goizeder Belza Igoa. Beraiekin batera, bortz gipuzkoar (Jon Esnal Odriozola, Markel Zapiain Mujika, Suharri Rodriguez Salaberria, Unai Otaegi Saizar eta Urtzi Olasagasti Korta) eta Segoviako (Espainia) bertze lau aizkolari ariko dira: Alvaro García Hoyuelos, Hermenegildo Herrero González, Marco Nevado Jabonero eta Emilio Garcia Herranz.

Igande eguerdiko hamabietan Aramaion ariko dira hiru aizkolari nafar (Berako Oier Larretxea Agirre, Arribeko Ibai Soroa Mugertza eta Uharte Arakilgo Iker Gorriti Borreguero), Arabako Luis Polanco Aldasoro, Bizkaiko Beñat Amade Fullaondo eta Mikel Agirre Unamuno eta Gipuzkoako Aitor Urteaga Aldasoro, Axel Larrañaga Barrenetxea, Iñigo Landa Larrañaga, Unai Zabala Zubelzu eta Julen Aranberri Ocaña.

Aizkolari guztiek launa kanaerdiko moztu beharko dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun