Euskal Herriko hirugarren mailako aizkora txapelketako finalerako txartela lortu du Julen Olano leitzarrak

Ttipi-Ttapa 2020ko urr. 19a, 10:00
Lehia estua izan zuten aizkolariek igande eguerdian Burgelun (Araba).

Arabako Burgelu herrian jokatutako kanporaketan bigarren izan zen, Arribeko Txomin Amundarainen atzetik

33 aizkolarik izena eman dute aurtengo Euskal Herriko hirugarren mailako aizkora txapelketan aritzeko. Hori dela eta, hiru kanporaketa eginen dira. Kanporaketa bakoitzean lehenengo bi postuetan sailkatzen diren aizkolariak finalerako. Lehen kanporaketa urriaren 18an, igande eguerdian jokatu zuten Burgelun (Araba) hamaika aizkolarik. Bakoitzak lau kanaerdiko (54 ontzakoak) moztu behar zituen eta nafarrak gailendu direla erran daiteke, bi lehenbiziko postuak Arribeko Txomin Amundarain (9 minutu eta 59 segundo) eta Leitzako Julen Olanorentzat (10 minutu eta 8 segundo) izan baitziren. Biak izanen dira finalean.

Gibeletik sailkatu ziren David Naredo asturiarra (10’33”), Jokin Urretabizkaia gipuzkoarra (10’50”), Jokin Alkizalete gipuzkoarra (11’03”), Beñat Lekua bizkaitarra (12’57”), Ibon Garaiburu gipuzkoarra (13’ 40”), Xabier Garcia ‘Utxu’ bizkaitarra (14’05”), Daniel Lopez asturiarra (14’30”) eta Aritz Oregi bizkaitarra (14’56”). Arostegiko Xuban Kañamares V.ak ez zuen parte hartzerik izan, gaixorik zegoelako.

Hurrengo bi kanporaketak urriaren 24an eta 25ean

Igande honetako lehenbizikoaren ondotik, hurrengo asteburuan, urriaren 24an eta 25ean jokatuko dituzte bertze biak, hauek ere Araban.

Larunbatean 18:30ean, Aguraingo pilotalekuan ariko dira hamaika aizkolari: Nafarroako bi ordezkari izanen dira, Beintza-Labaiengo Jon Telletxea Juanena eta Etxarri Aranazko Goizeder Belza Igoa. Beraiekin batera, bortz gipuzkoar (Jon Esnal Odriozola, Markel Zapiain Mujika, Suharri Rodriguez Salaberria, Unai Otaegi Saizar eta Urtzi Olasagasti Korta) eta Segoviako (Espainia) bertze lau aizkolari ariko dira: Alvaro García Hoyuelos, Hermenegildo Herrero González, Marco Nevado Jabonero eta Emilio Garcia Herranz.

Igande eguerdiko hamabietan Aramaion ariko dira hiru aizkolari nafar (Berako Oier Larretxea Agirre, Arribeko Ibai Soroa Mugertza eta Uharte Arakilgo Iker Gorriti Borreguero), Arabako Luis Polanco Aldasoro, Bizkaiko Beñat Amade Fullando eta Mikel Agirre Unamuno eta Gipuzkoako Aitor Urteaga Aldasoro, Axel Larrañaga Barrenetxea, Iñigo Landa Larrañaga, Unai Zabala Zubelzu eta Julen Aranberri Ocaña.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun