COVID-19: Azken datuak

Hamaika positibo gehiago atzotik; launa Elizondoko eta Leitzako osasun eremuetan eta bertze hiru Bortzirietan

Ttipi-Ttapa 2020ko urr. 21a, 13:30

Azken orduetan 11 kasu berri atzeman dituzte gure lurraldean. Horietatik lau Leitzako osasun eremuan, bertze lau Elizondokoan eta hiru Bortzirietan. Doneztebeko osasun eremuan, aldiz, ez dute kasu berririk atzeman atzotik.

Gure lurraldean pandemiaren hasieratik metatutako positiboak errepasatuz gero, 220 dira Doneztebeko osasun eremuan (Malerreka+Bertizarana) atzeman dituztenak, 305 Elizondoko eremuan  (Baztan+Urdazubi+Zugarramurdi), 134 Leitzako eremuan (Arano+Areso+Goizueta+Leitza) eta 166 Bortzirietan.

Nafarroa osoko datuei dagokionez, atzo 3.725 PCR proba egin zituzten eta horietatik 367k positibo eman zuten (%9,85)

Covid-19ak jota, atzo (urriak 19) 34 pertsona ospitaleratu zituzten Nafarroan, eta 8 hildakoren berri eman zuten. Alta eta bajen balantzea egin ondotik, orain 309 daude ospitalean, horietatik 38 ZIUn.

Ikuspegi geografikotik, Iruñean eta Iruñerrian daude positiboen %61, Tuteran %23 eta Lizarran %4. Gainerako positiboak (% 12) Nafarroako bertze eskualde batzuetan banatzen dira.

Adin-tarteka banatutako kasuen banaketari dagokionez, talde nagusiak 45 eta 59 urte bitartekoak dira (%25), eta 30-44 urtekoak (%22). Ondotik, 15-29 urteko taldea dago (%21); gero, 15 urtetik beheitikoen taldea (%14); atzetik, 60 eta 75 urte bitarteko taldea (%12); eta azkenik, 75 urtetik goitikoena (%6). Kasu berrien batez besteko adina 40,6 urtekoa da. Generoari dagokionez, % 50 emakumeak dira eta % 50 gizonak.

Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatuari dagokionez, atzoko kasuak batuz gero, 25.981 pertsonakoa da, eta heriotza kopurua 656koa da.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun