Euskaraldia

Hilabete falta da Euskaraldirako

Ttipi-Ttapa 2020ko urr. 20a, 11:00

Zabalik da ahobizi edo belarriprest gisa izena emateko epea

Gaur  hilabete, azaroren 20an, hasiko da Euskaraldiaren 2. edizioa, euskaraz gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan aritzeko ariketa soziala, herritarren hizkuntza ohiturak aldatuta euskararen erabilera handitzea helburu duen egitasmoa. Abenduaren 4ra arte izanen da aurten ariketa, eta norbanako bezala (ahobizi eta belarriprest izanez), parte hartzeko aukeraz gain, taldean parte hartzeko aukera izanen da, ariguneen bitartez.

Arigune izateko izena emateko epea dagoeneko itxita dago eta eskualdean 231 entitatek eman dute izena. Baina norbanako bezala, ahobizi edo belarriprest izanez, oraindik izena emateko epea zabalik dago. 2018an egin zen Euskaraldiaren lehenbiziko edizioan eskualdeko 4.016 lagunek parte hartu zuten: 3.449 ahobizik eta 567 belarriprestek.

Zer da ahobizi?
Euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egiten dut uneoro. Kideek euskaraz ulertzen ote duten ez dakidanean lehenbiziko hitzak, beti, euskaraz egiten ditut; euskaraz ulertzen badute, euskaraz jarraitzen dut. Batzuetan zaila izan arren, elkarrizketa elebidunetan ere euskarari eusten diot kideek ulertzen dutenean. Gakoa ahal den guztietan euskaraz egitea da.

Zer da belarriprest?
Nire gaitasun eta aukeren arabera erabakitzen dut euskaraz noiz eta norekin egin. Beti ez dut euskaraz eginen ulertzen duten guztiekin, baina euskara dakitenek niri uneoro euskaraz solas egitea nahi dut; eta horixe eskatzen diet modu esplizituan.

Izen-ematea
Euskaraldiaren web orrian eman daiteke izena. Horrez gain, zenbait herritan ere eskuz izena emateko aukera ireki dute.

2018ko datuak herriz herri

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun