COVID-19: Azken datuak

Atzo Nafarroan 444 positibo atzeman zituzten eta bertze sei heriotza gaztigatu

Ttipi-Ttapa 2020ko urr. 15a, 16:30

Atzoko datuen arabera, ez da apenas aldaketarik ageri gure lurraldeko datuetan. Alabaina, Nafarroa osoko datuei begiratuz gero, atzo Covid-19rekin 444 kasu berri erregistratu ziren. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako datuen arabera, osasun sistema publikoan 3.519 PCR proba egin zituzten, eta horietatik % 12,6k positibo eman zuten. Kasu berrien % 67 Iruñean eta Iruñerrian daude.

 

Gure lurraldean pandemiaren hasieratik metatutako positiboak errepasatuz gero, 193 dira Doneztebeko osasun eremuan (Malerreka+Bertizarana) atzeman dituztenak, 274 Elizondoko eremuan  (Baztan+Urdazubi+Zugarramurdi), 118 Leitzako eremuan (Arano+Areso+Goizueta+Leitza) eta 149 Bortzirietan.

Nafarroa osoko datuei dagokionez, atzo 3.519 PCR proba egin zituzten eta horietatik 444k positibo eman zuten (%12,6)

Covid-19ak jota, atzo 18 pertsona ospitaleratu zituzten Nafarroan, eta sei hildakoren berri eman zuten. Alta eta bajen balantzea egin ondotik, orain 272 daude ospitalean, horietatik 35 ZIUn.

Ikuspegi geografikotik, Iruñean eta Iruñerrian daude positiboen %67, Tuteran %15 eta Lizarran %4. Gainerako positiboak (% 14) Nafarroako bertze eskualde batzuetan banatzen dira.

Adin-tarteka, talde nagusiak 45 eta 59 urte bitartekoak dira (%24), eta 30-44 urtekoak (%20). Ondotik, 60 eta 75 urte bitartekoak eta 15 eta 29 urte bitartekoak daude (%18), eta, azkenik, 15 urtetik beherakoak (%13) eta 75 urtetik gorakoak (%7). Kasu berrien batez bertzeko adina 42,5 urtekoa da. Generoari dagokionez, % 52 emakumeak dira eta % 48 gizonak.

Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatuari dagokionez, atzoko kasuak batuz gero, 23.456 pertsonakoa da, eta heriotza kopurua 632koa da.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun