Idazki horretan diotenez, «gure harridurarako, errepide zaharraren ezaugarriak zeintzuk diren jakinda eta dagoen arriskua kontuan izanda, ez da inongo neurri gehigarririk hartu: kamioiak desbideratzea edo salgaiak garraiatzeko ibilgailuen zirkulazioa mugatzea adibidez. Matrikula bikoitz eta bakoitien bidez egin izan da bertze egoera batzuetan orain dela ez aunitz».
Herritarren kexak
Egoera hau dela eta, aste hauetan zehar «errepidearen erabiltzaileen aldetik hainbat kexa» jaso dituztela diote alkateek, «trafikoa hagitz trinkoa baita, kamioiz betea, eta aunitzetan, errepidea beraren eta abiaduraren baldintzak direla eta, kamioiak kontrako erreian sartzen dira». Segurtasun ezak kezka sortzen die alkateei; zoritxarrez, –diote euren idatzian– «ez dugu mugitzeko bertze errepide edo alternatibarik. Jada hainbat 'susto eta eskapada' izan dira».
Orain, N-121-A errepidearen Gipuzkoako zatian obratan ari direnean, ez da argi-seinale berezirik jarri arriskuaz ohartaraziz. Duela gutxi, bertze arrazoi batzuengatik, zirkulazio astuna murriztu zuten agintariek, matrikula bikoitien eta bakoitien bidez. Oraingo egoera nahiko larria da neurri hori berriro aplikatzeko. Duela bi urte bost hilabetez A-15 errepidetik egin zen garraioaren desbideratze partziala aipatu dute alkateek. Eta Belateko tuneletan hobekuntzak egiten zituzten asteetan ibilgailu astunen joan-etorria arautu zuten agintariek, kamioien matrikula bikoitiaren edo bakoitiaren arabera.