GUTUNA: Bortzirietako alkateek GI-3455 errepidean neurriak hartzeko eskatu dute

Ttipi-Ttapa 2020ko urr. 13a, 17:10

Irailaren 21az geroztik Intxaurreta eta Gurutze arteko lotuneen artean N-121-A errepidea itxita dago eta GI-3455 errepide zaharretik bideratua da trafikoa. Errepide horren erabiltzaileek «hainbat kexa» aurkeztu dituzte. Hortaz, Arantza, Igantzi, Etxalar, Lesaka eta Berako alkateek «ezbeharren bat gertatu aitzinetik» neurriak hartzeko eskatu diete Nafarroako Gobernuari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari.

Bidasoa ibaia bizkarrezurtzat dugun eskualdeko biztanleok, bai Gipuzkoa aldekoak nahiz Nafarroakoak, Nafarroa Gipuzkoarekin lotzen duen N-121-A errepide arriskutsuan, hainbat arrazoi direla medio harat honata gabiltza: lana, ikasketak, erosketak, kontsultak Bidasoko Eskualdeko Ospitalean, etab.

Irailaren 21etik, N-121-A errepidea itxita dago Intxaurreta eta Gurutze arteko lotuneen artean, Gipuzkoako lurraldean. Hau dela eta GI-3455 errepide zaharretik desbideratzen gaituzte, bi zubibide horietan sortu diren egiturazko arazoak konpondu arte. Hasiera batean, gutxienez abendura arte iraunen duten obrak izanen dira.

Egoera hau dela eta, aste hauetan zehar errepidearen erabiltzaileen aldetik hainbat kexa jaso ditugu, trafikoa hagitz trinkoa baita, kamioiz betea, eta aunitzetan, errepidea beraren eta abiaduraren baldintzak direla eta, kamioiak kontrako erreian sartzen dira. Segurtasun ezak kezka sortzen digu; zoritxarrez, ez dugu mugitzeko bertze errepide edo alternatibarik. Jada hainbat 'susto eta eskapada' izan dira. 

Gure harridurarako, errepide zaharraren ezaugarriak zeintzuk diren jakinda eta dagoen arriskua kontuan izanda, ez da inongo neurri gehigarririk hartu: kamioiak desbideratzea edo salgaiak garraiatzeko ibilgailuen zirkulazioa mugatzea adibidez. Matrikula bikoitz eta bakoitien bidez egin izan da bertze egoera batzuetan orain dela ez aunitz. 

Bortzirietako alkateok ezbeharren bat gertatu aitzinetik neurriak hartu ditzazuen eskatzen dizuegu Nafarroako Gobernuari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari.

Gure eskaerak kontuan hartuko dituzuelakoan, jaso ezazue agur bero bat.

Arantza, Igantzi, Etxalar, Lesaka eta Berako alkateak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun