Gure lurraldean pandemiaren hasieratik metatutako positiboak errepasatuz gero, 191 dira Doneztebeko osasun eremuan (Malerreka+Bertizarana) atzeman dituztenak, 270 Elizondoko eremuan (Baztan+Urdazubi+Zugarramurdi), 117 Leitzako eremuan (Arano+Areso+Goizueta+Leitza) eta 148 Bortzirietan.
Nafarroa osoko datuei dagokionez, atzo 3.094 PCR proba egin zituzten eta horietatik 546k positibo eman zuten (%17,6)
Covid-19ak jota, atzo 27 pertsona ospitaleratu zituzten Nafarroan, eta ez zen inor hil. Alta eta bajen balantzea egin ondotik, orain 281 daude ospitalean, horietatik 34 ZIUn.Geografiaren ikuspegitik, Iruñean eta Iruñerrian daude positiboen %56, eta, ondotik, Tuteran, %20, eta Lizarran, %6. Gainerako positiboak Nafarroako bertze eskualde batzuetan banatuko dira. Adin-tarteei dagokienez, atzoko talde nagusia 15 eta 29 urte bitartekoa izan zen (%24), ondotik 45 eta 59 urte bitartekoa (%22); segidan, 30 eta 44 urte bitarteko taldeak (%19) eta 15 urtetik beheitikoak (%16). Azkenik, 60 urtetik gorako taldeak %19 egiten du. Kasu berrien batez bertzeko adina 39,1 urtekoa da. Generoari dagokionez, % 52 emakumeak dira eta % 48 gizonak.
Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatuari dagokionez, atzoko kasuak batuz gero, 22.274 pertsonakoa da, eta heriotza kopurua 617koa da.