COVID-19: Azken datuak

Bertze 12 positibo atzeman dituzte Elizondoko eremuan, 43 azkeneko hamar egunotan

Ttipi-Ttapa 2020ko urr. 10a, 13:02

Azkeneko 10 egunotan 43 kasu berri atzeman dituzte Elizondoko osasun eremuan, 12 gehiago atzotik. Izan ere, Osasunbideak gaur ezagutzera eman dituen datuen arabera, azken orduetan gure lurralde osoan atzeman dituzten 14 kasu berrietatik 12 Baztanen zenbatu dituzte, bat Doneztebeko osasun eremuan eta bertze bat Leitzakoan. Bortzirietan, aldiz, ez dute kasu berririk atzeman atzotik.

Gure lurraldean pandemiaren hasieratik metatutako positiboak errepasatuz gero, 190 dira Doneztebeko osasun eremuan (Malerreka+Bertizarana) atzeman dituztenak, 255 Elizondoko eremuan  (Baztan+Urdazubi+Zugarramurdi), 117 Leitzako eremuan (Arano+Areso+Goizueta+Leitza) eta 147 Bortzirietan.

Nafarroa osoko datuei dagokionez, atzo 2.588 PCR proba egin zituzten eta horietatik 463k positibo eman zuten (%17,9)

Covid-19ak jota, atzo 24 pertsona ospitaleratu zituzten Nafarroan, eta hiru pertsona hil ziren. Alta eta bajen balantzea egin ondotik, orain 256 daude ospitalean, horietatik 32 ZIUn.Geografiaren ikuspegitik, Iruñean eta Iruñerrian daude positiboen %61, eta, ondotik Tuteran, %12, eta Lizarran, %9. Gainerako positiboak Nafarroako bertze eskualde batzuetan daude. Adin-tarteei dagokienez, atzoko talde nagusia 15 eta 29 urte bitartekoa izan zen (%23), eta atzetik 45 eta 59 urte bitartekoa (%21); ondotik 30 eta 44 urte bitarteko taldea (%20) eta 15 urtetik beheitikoak (%16). Azkenik, 60 eta 75 urte bitarteko taldea (%12) eta 75 urtetik gorakoena (%8). Kasu berrien batez bertzeko adina 39,7 urtekoa da. Generoari dagokionez, % 52 emakumeak dira eta % 42 gizonak.

Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatuari dagokionez, atzoko kasuak batuz gero, 21.301 pertsonakoa da, eta heriotza kopurua 613ekoa da.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun