Koronabirusa

Nafarroako Gobernuak urriaren 8ra arte luzatu ditu prebentzio neurriak

Ttipi-Ttapa 2020ko urr. 2a, 10:00

Argazkia: Goiena Komunikazio Taldea

Covid-19aren kutsadura murrizteko irailaren 11n hartutako prebentzio neurriak bertze zazpi egunez luzatzea erabaki du Nafarroako Gobernuak. Horrekin batera, saltokietako edukierari dagokionez aldaketa batzuk proposatu ditu.

Irailaren 11z geroztik indarrean dauden neurriei egokitzapen batzuk gehitu dizkio Nafarroako Gobernuak, eta gauerdiaz geroztik indarrean daude.

Jendeari begira lan egiten duten saltokiek zein zerbitzu profesionalek edukiera erdira murriztuko dute, baita merkataritza-gune handietako saltokietan ere, eta azalera handiko gune horietan, toki komunetan, edukiera gehienez %40koa izanen da. Horrekin batera, saltoki guztietan 65 urtetik goitikoek izanen dute lehentasuna, maskararen erabilera nahitaezkoa izanen da eta segurtasun tartea guttienez 1,5 metrokoa.

Lehendik indarrean dauden neurriak

  • Gehienez sei laguneko taldeak biltzen ahal izanen dira ostatu eta jatetxeetan, bai lokalaren barrenean bai terrazetan.
  • Eguerdiko hamabietatik aitzinera mahaiaren bueltan bakarrik kontsumitzen ahal izanen da.
  • Entierroetan gehienez 50 lagun biltzen ahalko dira.
  • Ezkontzetan edo bertze ospakizun erlijioso edo zibiletan, edukiera erdia eta horien ondotik ostalaritzako tokietan egindako ospakizunetan, barrenean gehienez 50 lagun biltzen ahal izanen dira eta kanpoan 75 pertsona, 1,5 metroko tartea mantenduz eta dantzarik egin gabe.
  • Karrikan eginen diren azoketan, gehienez ohiko postu kopuruaren erdia onartuko dute eta jende kopurua mugatu beharko da, beti ere segurtasun tartea mantenduz.
  • Akademia, autoeskola eta arautu gabeko irakaskuntzako tokietan ere erdira mugatuko dute edukiera baita joko-areto eta apustu etxeetan ere.
  • Kultur ekintzetan edukieraren %60 onartuko dute.
  • Igerilekuetan edukieraren %50 onartuko dute.
  • Elkarte gastronomikoak itxita segituko dute. 500 biztanle baino guttiago diren herrietan katetegi, jatetxe edo ostaturik ez badago irekitzeko baimena izanen duten lokal bakarrak izanen dira.
  • Izaera pribatua duten familiako edo bertze bilkuretan gehienez sei laguneko taldeak biltzea aholkatu du gobernuak, etxe berean bizi direnen kasuan izan ezik.
  • 22:00etatik aitzinera ezin izanen da alkoholik saldu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun