Koronabirusa

Ekonomia suspertzeko neurriak har ditzaten, milioi bat euro hartu dute eskualdeko udalek Lurralde Kohesiorako Departamentutik

Ttipi-Ttapa 2020ko ira. 25a, 17:00

Finantzagarrien diren inbertsioen artean sartzen dira pandemiak bereziki kaltetutako zerbitzu publikoak: 0-3 urte bitarteko haur-eskolak, musika-eskolak, adinekoen egoitzak eta abar.

Lurralde Kohesiorako Departamentuak, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiaren bidez, 13,5 milioi euro ordaindu dizkie aste honetan Nafarroako udalerriei, Covid-19ren eraginari aitzin egiteko eta, bidenabar, ekonomia suspertzeko neurriak har ditzaten. Kopuru horretatik milioi bat euro hartu dute eskualdeko udalek.

Herriek hartuko duten dirua inbertsio zehatz batzuk egiteko erabili ahal izanen dute. Izan ere, energia-eraginkortasunarekin, hiri-mugikortasun jasangarriarekin, udal-eraikinen egokitzapenarekin, banda zabaleko konektibitatearekin eta uraren erabileraren eraginkortasunarekin lotuta dauden inbertsioak izanen dira finantzagarri.

Jarduera horiek, udal-azpiegiturak eta -zerbitzuak hobetzeaz gain, bat datoz Klimaren eta Energiaren aldeko Alkateen Itunarekin eta 2030eko Garapen Iraunkorreko Helburuekin, eta tokiko sektoretik laguntzen dute klima-aldaketaren aurkako borrokan eta gure herri eta hirietako emisioak murrizten.

Udalek 2020ko martxoaren 14tik 2021eko irailaren 30era bitartean egin beharko dituzte inbertsioak. Gainera, horietan udalerri onuradunak gutienez %15eko kofinantzaketa eskatzen du, eta horrek eragin biderkatzailea izanen du tokiko ekonomietan.

272 udalerrien artean 13,5 milioi euro banatzeari dagokionez, biztanle-kopuruaren arabera kalkulatu da. Hala, gutieneko zenbatekoa 10.000 eurokoa izanen da 100 biztanletik behitiko herrietan, eta gehieneko ekarpena 400.000 eurokoa izanen da udalerrian erroldatutako biztanleak 50.000 baino gehiago izanez gero.

Hauek dira udalerri onuradun bakoitzak diru aurreratze gisa hartuko dituen zenbatekoak

Biztanleak UDALERRIA Transferentzia
116 Arano 19.000,00
597 Arantza 40.000,00
279 Areso 19.000,00
7.777 Baztan 171.616,00
220 Beintza-Labaien 19.000,00
3.736 Bera 110.000,00
612 Bertizarana 44.288,00
433 Donamaria 19.000,00
1.726 Doneztebe 65.000,00
220 Elgorriaga 19.000,00
151 Eratsun 19.000,00
813 Etxalar 40.000,00
146 Ezkurra 19.000,00
704 Goizueta 40.000,00
639 Igantzi 40.000,00
511 Ituren 40.000,00
2.913 Leitza 86.528,00
2.741 Lesaka 86.528,00
129 Oiz 19.000,00
122 Saldias 19.000,00
675 Sunbilla 40.000,00
349 Urdazubi 19.000,00
183 Urroz 19.000,00
303 Zubieta 19.000,00
219 Zugarramurdi 19.000,00
    1.050.960,40

 

25 milioi udalei, Covid-19ren beharrei aitzin egiteko

Nafarroako Gobernuak, 2020an, 25 milioi euro emanen dizkie Nafarroako udalei, Covid-19 epidemiaren ondoriozko beharrei erantzuteko.

Tokiko ekonomia bultzatzeko 25 milioi euroko ezohiko funts horretatik 13,5 milioi euro ordainduko dituzte aste honetan. Gainera, uztailean ordaindutako bertze 10,5 milioi eurori esker, pandemiak bereziki kaltetutako zerbitzu publikoak bermatu ahal izanen dira 0-3 urte bitarteko haur-eskoletan, musika-eskoletan, kirol-zerbitzuetan, hirugarren adinekoen egoitzetan eta eguneko zentroetan, aparkalekuetan, bizitza pertsonala, lana eta familia uztartzeko neurrietan, merkataritza bultzatu ahal izanen da, eta tokiko erakundeek gastu handiagoei eta diru-sarrera ttikiagoei aitzin egin ahal izanen diete. Azkenik, bertze milioi bat euro bideratuko dira Nafarroako toki-erakundeen titulartasuneko hiri-garraio publikoko zerbitzuei laguntzeko.

Kreditu berezi hori Toki Ogasunen Partaidetza Funtsari atxikitako diruzaintzako gerakinaren kontura finantzatuko da.

Toki entitateei aholku emateko gida

Toki Administrazioko eta Despopulazioko Zuzendaritza Nagusiak gida bat prestatu eta zabaldu du, toki-erakundeei 25 milioi euroko funts horri buruzko aholkuak emateko. Gida horretan, funtsaren erregulazioa eta banaketa ageri dira. Gainera, udalentzat interesgarriak diren gaiak zehazten dira, hala nola kreditu berezi honen inguruan egin beharreko prozedurak, justifikatzeko epeak eta aurkeztu beharreko agiriak.

Era berean, dokumentuak azaltzen du zer motatako jarduerak finantzatu daitezkeen. Udal-instalazioetako energia-eraginkortasuneko inbertsioak sartzen dira, hala nola berokuntza, inguratzailea, argiztapena, energia-kudeaketa, energia berriztagarriaren ekoizpena edo mugikortasun elektrikoaren sustapena berritzea; hiri-mugikortasun iraunkorreko planak idaztea, oinez eta bidegorrietan joan-etorriak sustatzeko proiektuak edo irisgarritasun unibertsaleko planak; udal-zuzkiduren araudietara egokitzea; banda zabala hedatzeko azpiegiturak; eta ura erabiltzeko sistema eraginkorrak ezartzeko inbertsioak, hala nola drainatze-sistemak. Jasangarria, kontsumoa murrizteko jarduerak edo eko-ikuskapenak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun