Euskaraldia

Euskaraldiaren bigarren edizioan herritarrek izena emateko epea zabaldu dute

Ttipi-Ttapa 2020ko ira. 24a, 17:00

Euskaraldian izena emateko epea ireki da ariketa hasteko bi hilabete falta direla. www.euskaraldia.eus atarian eman daiteke izena. Bigarren edizio hau, azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo da, 15 egunetan ahobizi eta belarriprest roletan parte hartzeko deia egin dute antolatzaileek.

Hizkuntza ohitura eta portaeretan eragiteko asmoa duen ekimena da Euskaraldia. Azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo da bigarren edizioa eta 16 urtetik gorako herritarrek parte har dezakete. Zabaldu dute izena emateko aukera eta www.euskaraldia.eus  atarian eman behar da izena.

Euskaraldiko partaideak beraien hizkuntza ohiturak aztertu eta aukeratzen duten rolaren arabera arituko dira 15 egunetan. Aurreko edizioan bezala, bi rol izango dituzte aukeran izena ematen dutenek:

Belarriprest: Beraiei euskaraz hitz egiteko eskatzen dutenak dira belarriprest, euskara ulertzen dute eta beraiekin euskaraz aritzea nahi dute. Ulertzen duten guztiekin ez dute uneoro euskaraz hitz egingo agian, baina ahal eta nahi duten guztietan egingo dute. Gakoa jokaeran dago eta ez gaitasunean.

Ahobizi: Euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egingo dute ahobiziek. Euskaraz ulertzen ote duten ez dakienean lehen hitza, beti, euskaraz izango da; mintzakideak euskaraz ulertzen badu, euskaraz jarraituko dute beti. Gakoa ahal den guztietan euskaraz egitea da, jokaerak definitzen du rola, alegia.

Gasteizen egin dute agerraldia Euskaraldiko koordinazioan ari diren eragileek eta zenbait erakundetako ordezkariek. Ekitaldian parte hartu dute Arrate Illaro Euskaraldiko koordinatzaileak, Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko presidenteak, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako Kontseilariak, Bigen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramale eta Kultura eta Hizkuntza Politikarako Sailburuak, Gorka Urtaran Gasteizko alkate eta EUDELeko presidenteak, Ramiro Gonzalez Arabako Ahaldun Nagusiak, Paul Bilbao Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko idazkari nagusiak, Zuriñe Gil Gasteizko GEU elkarteko kideak eta Maialen Sobrino Zaramaga auzo elkarteko kideak. Agerraldian egon ezin izan ez diren arren, Euskaraldiaren koordinazio eta antolaketan parte hartzen dute Euskararen Erakunde Publikoak, Euskal Hirigune Elkargoak eta Euskal Konfederazioak.

2018an parte hartu zutenei berriz ere izena emateko gonbita luzatu diete aurkezpenean eta parte hartu ez zutenak animatu nahi dituzte Euskaraldiak proposatzen ez duen ariketa egitera.

Ariguneak

Hortaz gain, jadanik 4.300 baino gehiago dira ariguneak sortzeko izena eman duten entitateetako zentroak, eta guztira 13.000 arigunetik gora egongo dira. Era guztietako entitateek ariguneak sortu eta Euskaraldian inskribatzeko epea datorren irailaren 27an itxiko da, eta urrian zehar jakin ahal izango dira behin-betiko datuak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun