COVID-19: Azken datuak

Hiru positibo gehiago atzeman dituzte; bi Doneztebeko eremuan eta bat Bortzirietan

Ttipi-Ttapa 2020ko ira. 22a, 15:32

Atzotik aitzinera PCR probak egiteko ardura tokian tokiko osasun zentroena da

Gaur publiko egin dituzten datuen arabera, bertze bi kasu gehiago atzeman dituzte Doneztebeko osasun eremuan eta bat Bortzirietan. Elizondoko eta Leitzako osasun eremuetan, aldiz, ez dute kasu berririk erregistratu Osasunbidean. 

Pandemiaren hasieratik metatutako positiboak errepasatuz gero, 169 dira Doneztebeko osasun eremuan (Malerreka+Bertizarana) atzeman dituztenak, 173 Elizondoko eremuan  (Baztan+Urdazubi+Zugarramurdi), 113 Leitzako eremuan (Arano+Areso+Goizueta+Leitza) eta 132 Bortzirietan.

Nafarroa osoko datuei dagokionez, atzo 2.346 PCR proba egin zituzten eta horietatik 348k positibo eman zuten, %10,4

Nafarroako ospitaleetan 14 ospitaleratze berri izan ziren atzo, horietako bakar bat ere ez ZIUn. Alabaina, atzo 5 pertsona hil ziren COVID-19rengatik (hiru gizonezko, 78, 85 eta 89 urtekoak eta bi emakume, 56 eta 84 urtekoak). Pandemia hasi zenetik, 562 dira Nafarroan hildakoak.Adin-tarteen araberako banaketari dagokionez, 15-29 urtekoen taldea da nagusi, kasu guztien %27arekin. Ondotik  14 urtetik beheitikoen taldea eta 45-59 urte bitarteko taldea daude, horietako bakoitza kasuen %20arekin. Segidan 30-44 urtekoena dago, kasu guztien % 22arekin; gero 60-74 urte bitartekoak % 7, eta azkenik 75 urtetik gorakoak % 6. Kasu berrien batez bertzeko adina 39,7 urtekoa da. Generoari dagokionez, % 51 emakumeak dira eta % 49 gizonak.

Kasu berri gehienak familia eta lagunekin egiten diren bileretan gertatzen dira. Ildo horretan, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak behin eta berriz azpimarratu du  isolamenduak etxean bertan egin behar direla, bizikideekin harremanik izan gabe, eta ez dela bilera sozialik egin behar senideen edo lagun taldeen artean.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun