COVID-19: Azken datuak

Bederatzi positibo gehiago atzeman dituzte; 5 Elizondoko osasun eremuan, 3 Bortzirietan eta bat Malerreka-Bertizaranan

Ttipi-Ttapa 2020ko ira. 20a, 15:01

Azken orduetako datuen arabera, bederatzi positibo gehiago atzeman dituzte. Horietatik bortz Elizondoko osasun eremuan, hiru Bortzirietan eta bat Malerreka-Bertizaranan. Leitzako osasun eremuan, aldiz, ez da aldaketarik ageri atzotik. 

Pandemiaren hasieratik metatutako positiboak errepasatuz gero, 167 dira Doneztebeko osasun eremuan (Malerreka+Bertizarana) atzeman dituztenak, 169 Elizondoko eremuan  (Baztan+Urdazubi+Zugarramurdi), 113 Leitzako eremuan (Arano+Areso+Goizueta+Leitza) eta 121 Bortzirietan.

Nafarroa osoko datuei dagokionez, atzo 2.319 PCR proba egin zituzten eta horietatik 187k positibo eman zuten, %8,06

Nafarroako ospitaleetan 10 ospitaleratze berri izan ziren atzo, horietako bat ZIUn. Alabaina, atzo 90 eta 92 urteko bi emakume hil ziren COVID-19rengatik, eta, hartara, 553 dira hildakoak.Adin-tarteei dagokienez, banaketa arras banatua egon zen atzo, eta talde nagusia 15-29 urtekoa izan zen (%27); ondotik, 45 eta 59 urte bitartekoa (%21); gero 14 urtetik beheitikoak (%21) eta 30-44 urtekoak (%20). Azkenik, 60 eta 75 urte bitarteko taldea (%9) eta 75 urtetik goitikoa (%3). Kasu berrien batez besteko adina 34 urtera jautsi da. Generoari dagokionez, % 56 emakumeak dira eta % 44 gizonak.

Kasu berri gehienak familia eta lagunekin egiten diren bileretan gertatzen dira. Ildo horretan, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak behin eta berriz azpimarratu du  isolamenduak etxean bertan egin behar direla, bizikideekin harremanik izan gabe, eta ez dela bilera sozialik egin behar senideen edo lagun taldeen artean.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun