Pandemiaren hasieratik metatutako positiboak errepasatuz gero, 166 dira Doneztebeko osasun eremuan (Malerreka+Bertizarana) atzeman dituztenak, 163 Elizondoko eremuan (Baztan+Urdazubi+Zugarramurdi), 112 Leitzako eremuan (Arano+Areso+Goizueta+Leitza) eta 116 Bortzirietan.
Nafarroa osoko datuei dagokionez, atzo 2.893 PCR proba egin zituzten eta horietatik 228k positibo eman zuten, %7,6
Nafarroako ospitaleetan 14 ospitaleratze berri izan ziren atzo, horietako bat ZIUn. Alabaina, atzo 70 urteko emakume bat hil zen COVID-19rengatik, eta, hartara, 550 dira hildakoak.Adin-tarteen araberako banaketari dagokionez, 45-59 urte bitarteko taldea da nagusi, kasu guztien % 27arekin. Ondotik 15-29 urtekoen taldea dago, kasuen % 24arekin. Segidan 30-44 urtekoena dago, kasu guztien % 22arekin; gero 60-74 urte bitartekoak % 7, eta azkenik 75 urtetik gorakoak % 6. Kasu berrien batez bertzeko adina 38,2 urtekoa da. Generoari dagokionez, % 49 emakumeak dira eta % 51 gizonak.
Kasu berri gehienak familia eta lagunekin egiten diren bileretan gertatzen dira. Ildo horretan, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak behin eta berriz azpimarratu du isolamenduak etxean bertan egin behar direla, bizikideekin harremanik izan gabe, eta ez dela bilera sozialik egin behar senideen edo lagun taldeen artean.