Eguraldi beroa lagun, ezpelaren sitsa erruz zabaltzen ari da egunotan

Ttipi-Ttapa 2020ko ira. 17a, 15:00

Egunotan ezpelaren sitsa, Cydalima perspectalis, erruz zabaltzen ari dela eman dute jakitera Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentutik. Izurri hau gizakion osasunerako ez dela kaltegarria gogorarazi nahi dute agintariek. Alabaina, sits inbaditzaile hauetatik ateratzen diren beldar berdeek ezpelaren hostoak jaten dituzte eta, tratamendurik gabe, ezpela idortu eta ez ezpeldi osoak desagertzea ekarri du azken urteotan. Sitsak hartzeko arte bat ageri da bideoan, Ilundainen dagoena.

Sits inbaditzaile hauek, ezpel hostoetan egiten dituzte kalterik handienak. Gero, sitsetatik ateratzen diren beldarrek ezpelei hostoak jaten dizkiete eta, beraz, fotosintesi gaitasuna oztopatu. Enborraren azala ere janez gero, landarea bera idortu eta hil egiten da.

Otsailean izan ohi da urteko lehen izurritea eta orain bigarrena heldu da. Otsaileko agerpenak baino eragin handiagoa izaten du bigarren izurrite honek. Lorategi eta baratzetan produktu fitosanitariorik ez erabiltzeko gomendatzen dute Ingurumen Departamentutik. Horien ordez, produktu biologikoak edota argi bidezko tranpak erabiltzeko erran dute. Hala ere, azken hauek kontuz erabiltzeko aholkatu dute. Ezpelaren sitsa ez ezik, bertze espezie batzuk ere harrapatu ditzaketelako, ez baitira tranpa selektiboak.

Nafarroako Gobernua lanean ari da izurriteari aurre giteko moduak bilatuz. Bitartean Ingurmen Departamentuko basozainak ezpel haziak biltzen ari dira, hazi banku bat sortu eta espezieraren biziraupena ziurtatzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun