Ezpelaren sitsa agertu da berriz ere Bidasoaldeko ezpeldietan

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 1a, 18:30
Larba fasean, 1 edo 2 milimetro luze dira; hazten denean, beldarrek 4 zentimetro izan ditzakete

Ezpelaren sitsa, Cydalima perspectalis delakoa, Nafarroako hainbat herritan agertu da berriz ere. Ageri denez, tenperatura altuek lagundu dute agerraldi berri honetan eta hurrengo hilabeteotan sits inbaditzaile honen eraginak goia joko du.

Zer da?

Intsektu espezie inbaditzaile bat da, Cydalima Perspectalis espeziekoa. Larba fasean, 1 edo 2 milimetro luze dira; hazten denean, sitsek 4 zentimetro izan ditzakete. Beldarrek berde kolorekoa dute gorputza, eta burua, beltza. Sits helduek, berriz, gorputz zurixka dute, burua eta abdomena izan ezik, horiek marroiak baitira. Hegalen aitzinaldea zuria da, baina marra marroi ilun bat dute ertzean, eta puntu zuri bat atzealdean.

Nondik dator?

Asiatik. Ohikoa da Txinan, Japonian eta Korean. Adituek uste dute jatorria Ipar Korean izan dezakeela. Klima epelak eta subtropikalak behar ditu ugaltzeko.

Nola iritsi da Euskal Herrira?

Globalizazioaren ondorioz. Txinatik eta Asiako bertze herrialde batzuetatik inportatutako zuhaixka eta landareetan iritsi zen Alemaniara eta Herbehereetara, 2007an. Handik, Suitzara, Frantziara, Ingalaterrara eta Austriara hedatu zen. Euskal Herrian, Bidasoaldean eta Pirinio inguruan atzeman dute batez ere, 2014tik aitzinera.

Nola eragiten dio ezpelari?

Cydalima sitsek ezpeletan jartzen dituzte arrautzak. Larbak ateratzen direnean, hostoak jaten dituzte, eta landareen defoliazioa eragiten dute. Kalterik larriena, halere, enborretan eragiten dute: azala urratzen dute beldarrek, eta, horren ondorioz, landarea idortu eta hil egiten da. Ezpelaren desagertzeak eragin hagitz kaltegarria izan dezake ingurunean; bertzeak bertze, suteak hedatzea erraztu eta bizkortu dezake, eta bertze animalia espezie batzuei ere egiten die kalte.

Nola detektatu daiteke?

Zaila da ezpelaren sitsak detektatzea, larba estadioko lehen faseetan, bereziki, hostoen artean ezkutatzen direlako. Gerora, zuhaitzaren kanpoaldera ateratzen dira elikatzeko, eta errazagoa da beldarrak antzematea. Normalean, intsektua baino gehiago, zuhaitzetan eragindako kalteak detektatzen dira —jandako hostoak, bereziki—, metamorfosi prozesuan utzitako mudak, edota gorozkiak.

Nola egin aurre?

Ez dago neurri erabat eraginkorrik. Pestizidak, konparaziora, arriskutsuak dira, gainerako espezie eta landareei ere eragiten dietelako. Hortaz, eragotzi nahi dena baino are kalte handiagoa sor dezakete. Hainbat udalek, bertzalde, tranpak paratu dituzte zuhaitzetan, sits arrak harrapatzeko. Hegazti intsektujaleak ere erabili dituzte, baina sits inbaditzaileen hazkunde jarraituak gainezka egin die oraingoz.

Aukerarik ez dago, beraz?

Adituek planteatu duten neurrietako bat da ezpel autoktonoen haziak eta larbarik ez duten zuhaixkak gordetzea, izurritea pasatzen denean berriz landatzeko.

Ezpelaren sitsa beldarretik atera berritan

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun