Uztail erditik honat, maskarak ez erabiltzeagatik 1.120 salaketa paratu ditu Foruzaingoak Nafarroan eta horietatik 29 eskualdeko herrietan paratutakoak izan dira.
Bertzalde, hiru motatako arau-hausteak zehaztu ditu Nafarroako Gobernuak gaurko saioan: arinak 100 eta 3.000 euro artekoak izanen dira, larriak 3.001 eta 60.000 euro artekoak eta hagitz larriak direnak 60.001 eta 600.000 euro artekoak.
Arau-hauste arinak:
- Maskara ez erabiltzeagatik edo erabilera okerragatik guttienez 300 euroko isuna paratuko da, 1,5 metroko segurtasun tartea errespetatzen ez bada.
- Bide publikoetan botiloietan parte hartzeagatik guttienez 600 euroko isuna paratuko da.
- Jendeari irekita dauden tokietan, kanpoan zein barrenean, mahaietako aulkien artean segurtasun tartea ez mantentzea.
- Eremu publikoan eta toki publiko ireki edo itxietan segurtasun-distantzia fisikoa ez betetzea edo eremu publikoetan taldeentzat ezarritako pertsona-kopurua gainditzea.
- Bi metroko tartea errespetatu ezin denean, espazio publikoetan erretzea.
- Berrogeialdia ez errespetatzea, hurbileko kontaktua denean eta negatibo eman denean.
Arau-hauste larriak
- Edukiera mugak ez errespetatzea.
- Ekitaldi eta bilerak deitzea, horiek arauak hausten badituzte.
- Lokalak irekitzea, ekitaldiak egitea edo jarduerak egitea, espresuki debekatuta edo bertan behera utzita badaude.
- Positiboak diren kasuetan bakartuta ez egotea.
- Lokalentzako eta jardueretarako ezarritako ordutegiak ez errespetatzea.
- Botiloietan parte hartzea herritarren osasunerako arrisku handikoa baldin bada.
Arau-hauste hagitz larriak
- Aitzinetik zehaztutako arau-hauste horiek herritarren osasunerako arrisku handikoak baldin badira hagitz larriak direla ulertuko da.
Arduradunak
Aisialdiko lokalen edo elkarte gastronomikoen kasuan, legez kanpoko jardueran ari diren pertsona fisikoak izanen dira erantzuleak.