Koronabirusa

Gehienez sei laguneko taldeak biltzen ahal izanen dira Nafarroako ostatu eta jatetxeetan

Ttipi-Ttapa 2020ko ira. 11a, 15:12

Argazkia: Goiena Komunikazio Taldea

Ostatu eta jatetxeetako taldeak, bai lokalaren barrenean bai terrazetan, sei lagunetara mugatzeaz gain, eremu pribatuetan hori egitea aholkatu du Nafarroako Gobernuak. Horrez gain, maskara erabiltzen ez dutenek 300 euroko isuna jaso dezaketela aitzineratu du.

Santos Indurain Osasun kontseilariak eta Javier Remirez presidenteordeak bihartik aitzinera indarrean izanen diren murrizketen berri eman dute gaur eguerdian egindako agerraldian. Orduan adierazi dute ostatu eta jatetxeetan, eguerdiko hamabietatik aitzinera mahaiaren bueltan bakarrik kontsumitzen ahal izanen dela eta mahai bakoitzeko gehienez sei lagun biltzen ahal izanen direla –ez hamar lagun, orain arte bezala–, bai lokalaren barrenean baita terrazetan ere. Eremu pribatuan, berriz, neurri hori betetzeko aholkatu dute. Eta elkarte gastronomikoak itxi eginen dituzte.

Horrekin batera, astelehenetik aitzinera ospakizunetako edukiera gehiago mugatzeko agindua jakinarazi dute, erdira, hain zuzen. Hala nola, entierroetan gehienez 50 lagun biltzen ahalko dira; ezkontzetan edo bertze ospakizun erlijioso edo zibiletan, edurkiera erdia eta horien ondotik ostalaritzako tokietan egindako ospakizunetan, barrenean gehienez 50 lagun biltzen ahal izanen dira eta kanpoan 75 pertsona, 1,5 metroko tartea mantenduz eta dantzarik egin gabe.

Karrikan eginen diren azoketan, bertzalde, gehienez ohiko postu kopuruaren erdia onartuko dute eta jende kopurua mugatu beharko da, beti ere segurtasun tartea mantenduz. Akademia, autoeskola eta arautu gabeko irakaskuntzako tokietan ere erdira mugatuko dute edukiera baita joko-areto eta apustu etxeetan ere. Kultur ekintzetan edukieraren %60 onartuko dute.

Hurrengo gobernu saioan isunak gogortuko dituztela ere iragarri dute. Maskara ez erabiltzeagatik, adibidez, 300 euroko isuna jarriko dute eta botiloietan parte hartzeagatik guttienez 600 euroko isuna. Horri lotuta, 22:00etatik aitzinera, alkoholdun edaririk ezin izanen da saldu dendetan, bai, ordea, ostatu eta jatetxeetan. Arau-hauste larrien kasuan, 60.000 eta 600.000 euro arteko isunak aipatu dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun