Euskaraldia euskaraz ulertzen eta bizi nahi dutenen hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa soziala da. Jendartearen gune guztietara zabaldua eta denboran mugatua. Aurten, azaroaren 20tik abenduaren 4ra eginen da, norbanako bezala parte hartzeaz gain (belarriprest edo ahobizi izanda) , taldean parte hartzeko aukera ere izanen da ariguneen bidez.
Mota guztietako entitateek hartu ahal izanen dute parte, ariguneren bat badute. Ariguneek, edo euskaraz aritzeko guneek, euskaraz solas egiteko aukera bermatzen dute, izan entitate barrenean edo entitateak herritarrekin duen harremanean. Talde hauetako kideek ahobizi eta belarriprest roll-ean ariko dira Euskaraldiak iraunen duen 15 egunetan, ariketa modu kolektiboan gauzatuz. Bi motatako ariguneak bereizten ditu Euskaraldiak.
Barne-ariguneak
Entitate baten baitan ohiko dinamika duten eta kide guztiek gutxienez euskara ulertzen duten taldeak dira. Entitate motaren arabera, ohiko funtzionamendua duten talde horiek askotarikoak izan daitezke (sailak, atalak, ekipoak, sekzioak, zerbitzuak, taldeak…). Talde honetako kideek barne-arigunea osatzea erabakitzen dutenean modu kolektibo batean euren arteko hizkuntza-ohiturak aldatzeko aurrera pausoak ematea adostuko dute. Arigunea osatzeko beharrezkoa izanen da taldeko kideen %80a gutxienez ados egotea. Ariguneetako kide bakoitzak erabakiko du ahobizi edo belarriprest moduan parte hartu.
Kanpo-ariguneak
Entitatean herritarrekiko harreman-espazioetan dauden pertsonek osatzen dute kanpo-arigunea, uneoro belarriprest edo ahobizi bat egonen dela bermatzen bada; hau da, herritarrek uneoro euskaraz artatuak izateko bermea badute. Horrelako espazioak izanen dira jendaurreko edo harrera postuak, supermerkatuetako kutxak, telefono bidezko arreten arduradunak, tabernariak edo dendariak, bertzeak bertze.
Helburu nagusia entitate horien harremanetan euskararen erabilera handitzea da. Parte hartzeko, zuzendaritzaren eta entitateko gainontzeko kideen inplikazioa beharko dira.
Arigune posibleak identifikatzeko tresna jarriko da entitateen eskura, ariketan parte hartzeko baldintzak betetzen dituen aztertzeko. Gutxiengo euskara ulermena duten taldeak identifikatzen lagunduko dio tresna horrek entitateari. Behin azterketa hori eginda, baldintzak betetzen dituzten taldeetako kideekin ariguneak osatzea adostu beharko dute arduradunek.
Izen ematea www.euskaraldia.eus atarian egin daiteke.