COVID-19: Azken datuak

Joan den igandeaz geroztik 64 positibo gehiago atzeman dituzte gure eskualdeko herrietan

Ttipi-Ttapa 2020ko ira. 6a, 11:30

Aste bakar bateko ikuspegia hartuz gero, kopuruak izugarri handitu dira. Joan den igandetik 64 positibo atzeman dituzte. Gehienak Bortzirietan (+30), gero Leitzako eremuan (+26), eta nabarmen gutiago Malerreka-Bertizaranan eta Elizondoko osasun eremuan, baikoitzean launa positibo gehiago. Azken 24 orduetan, aldiz, 18 positibo gehiago atzeman dituzte lau osasun eremuen artean: 8 Bortzirietan, 7 Leitzan eta bi gehiago Elizondoko eremuan eta bertze bat Malerreka eta Bertizaranan.

Pandemiaren hasieratik metatutako positiboak errepasatuz gero, 143 dira Elizondoko eremuan  (Baztan+Urdazubi+Zugarramurdi) atzeman dituztenak, 140 Malerreka-Bertizaranan, 76 Bortzirietan eta 63 Leitzako eremuan (Arano+Areso+Goizueta+Leitza).

Atzo Leitzan 1.262 leitzarrei egin zieten PCR proba

Leitzako Udalarekin koordinatuta, atzo Osasun Departamentuaren osasun langileek 1.262 leitzarrei egin zieten PCR proba. Baheketa masiboa gaur iluntzean amaituko dute eta hurrengo egunotan eman dira ezagutzera datuak.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun