N-121-A errepidetik ibilgailu astunak desbideratzeko eskaera egin diote Nafarroako Gobernuari 22 udalek

Ttipi-Ttapa 2020ko ira. 4a, 09:30
Baztango udalak izan ezik, N-121-A errepidearen inguruko 22 udalek babestu dute mozioa

Kataluniako eta Errioxako gobernuek saturazio-egoera zuten bertze hainbat errepiderekin egin duten bezala, hemen Nafarroako Gobernuak ere antzeko neurriak hartzeko eskatu dute inguruko 22 udalek, eta, hartara, N-121-A errepidea irteera edo helburu ez duten nazioarteko kamioien trafikoa AP-15 autobidera desbideratzeko egin beharrekoak egin ditzala lehenbailehen.

22 udal horiek onartu duten mozioan arrazoitzen denez, “trafikoari eta istripu-tasari buruzko azterlan, proiektu eta gomendio askok (RAC-Real Automóvil Club, AIPCR-Asociación Mundial de la Carretera, Sustapen Ministerioa, Trafiko Zuzendaritza Nagusia, etab.) adierazten dute kamioiak autobideetara desbideratuz gero, bi noranzkoko errepide arruntetan gertatzen diren istripuetan hildakoen kopurua murriztuko zela». Eta adibide gisa, N-121-A errepidearen antzeko arazoa zuen Gironako N-II errepidea aipatzen dute. Han, «administrazioarentzat kosturik gabe, nazioarteko joan-etorrian zebiltzan kamioiak AP-7 autobidera desbideratu izanak biktimen kopurua murriztu egin du. Bi urteko proban (2014-2016), urtean batez bertze 15 hildako izatetik bakarrik 3 hildako izatera pasatu dira».

Mozioa babestu duten udalek, Nafarroako Gobernuak 2014an Belateko eta Almandozko tunelen arriskugarritasunari buruz egin zituen txostenak aipatzen dituzte. Dokumentuak dioenez, «2018ko martxoaren 5etik 9ra bitartean, egunero tunel horietan ibili ziren ia 9.000 ibilgailuetatik ia 3.500, hau da, %40, ibilgailu astunak ziren. Kalkuluen arabera, kamioi horien %70, hau da, 2.500 kamioi inguru, mugaz gaindiko joan-etorrikoak ziren, hau da, N-121-A eskualdean jatorria edo helmuga ez zutenak».
 
Nazioarteko zama-garraioan dabiltzan kamioiak AP-15 autobidera desbideratzeko bertze arrazoi bat ere aipatzen dute udalek euren mozioan: «Belateko Kontrol Zentroak ez du esku hartzeko eta sute egoerak konpontzeko gaitasunik».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun