N-121-A errepidetik ibilgailu astunak desbideratzeko mozioa gibelera bota dute Baztango Udalaren osoko bilkuran

Ttipi-Ttapa 2020ko ira. 1a, 16:00
Nazioarteko garraioan dabiltzan kamioiak N-121-A errepidetik desbideratzea eskatzeko protesta egin zen Beran.

N-121-A errepideari buruzko mozioa aurkeztu zuen EH Bilduk abuztuaren 27ko osoko bilkuran. Mozio horretan, irteera edo helmuga gisa N-121-A errepidea ez duten nazioarteko ibilgailu astunak errepide alternatiboetatik desbideratzeko eskaera egin nahi zioten Nafarroako Gobernuari Baztango Udalaren izenean. Alabaina, afera eztabaidatu ondotik, mozioaren kontra bozkatu zuten Baztango Ezkerrak, Navarra Sumak eta Geroa Baik (sei boto) eta alde EH Bilduk (bortz boto). Ondorioz, mozioa onartu gabe gelditu zen.

Hondarreko 25 urteetan 180 hildako baino gehiago
EH Bilduk, mozioa aurkeztearekin batera, Errioxako eta Kataluniako zenbait errepidetan (N-II, N-232, N-240 eta N-340) desbideratzeak egin direla azaldu zuen. Horrekin batera, «N-121-A errepidea Nafarroan heriotza-tasarik handiena duen errepidea dela» argudiatu zuen, eta «ez dagoela nazioarteko garraio astunak jasateko errepide bezala diseinatua». 

Errandakoaren adierazle gisa, EH Bilduk honako datu hauek ageriko egin zituen: «2002an batez bertze 950 kamioi pasatzen ziren eta gaur den egunean 3.000tik goiti dira». Hori baino «larriagoa» iruditzen zaie «denbora eta epe berean» A-15eko datuek izan duten beherakada: «noranzko bakarreko errepidea izanda ere, 2.500 kamioietatik 1.400 izatera pasatu dira». Bertzalde, matrikulen arabera, txandaka pasatzea arautu zelarik «arrisku jaitsiera agerian gelditu zela» nabarmendu du EH Bilduk.

Bertako garraiolariak «normaltasunez»
Eskualdeko garraiolariek «normaltasunez» lan egiteko aukera dutela ere gaineratu dute: «inguruko hainbat enpresendako irteera eta helmuga tokia izaki, neurri hauek hartuta ere hauen erabilera bermatua geldituko litzateke».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun