Koronabirusa

'Radar Covid' aplikazioa Nafarroan ere aktibatu dute

Ttipi-Ttapa 2020ko ira. 2a, 16:00

Datorren astetik aitzinera Radar Covid aplikazioa erabilgarri egonen da Nafarroan ere. Aplikazio ofizial honek ez du geolokalizazioa erabiltzen, ezta erabiltzaileen daturik biltzen ere. Osasun agintarien adierazi dutenez, bere helburua koronabirusarekin kutsatzeko arrizkuaz ohartaraztea da eta, bidenabar, gaitzaren zabalkundea gelditzen laguntzea.

Nola dabil Radar Covid aplikazioa

Zehazki, zerbitzu horrek telefono mugikorren bluetooth konexioa erabiltzen du, eta erabiltzaile batekin bizpahiru metro baino gutiagora kontaktua izan duen pertsona batek 14 eguneko epean gaitza atzemateko detekzio-proban positibo eman ote duen jakinarazten du.
 
Dena den, aplikazioak ez du geolokalizazioa erabiltzen, eta ez du erabiltzaileen daturik jasotzen; izan ere, aplikazioa bere borondatez instalatzen duen herritarren telefono mugikorrei zenbaki aleatorio bat ematen zaio. Horrela, behin aplikazioa instalatua dagoela, azkeneko bi asteetan positibo eman duen pertsona batetik hurbil egon bada, osasun-agintariekin kontaktuan jartzeko eskatzen zaie. Alabaina, aplikazioak ez du positibo eman duen pertsona horren izena ematen, ez baitu datu pertsonalik biltzen.
 
Egoera horretan, kutsatutako pertsonarekin zein egunetan egin duen topo adierazten du aplikazioak, baina ez du positibo horren inguruko datu gehiago ematen, ez eta bere telefono mugikorraren identifikazioa ere. Halaber, Radar COVID appak ez du topaketa hori zein unetan eta non gertatu den zehazten. Jakinarazpen bat hartu ondotik, aplikazioak prebentzio eta laguntza neurriak hartzeko informazioa ematen dio erabiltzaileari, korobirusaren agerraldiari aurre egiteko.
 
Gauzak horrela, aplikazio horrek bere erabiltzaileen segurtasuna eta pribatutasuna bermatzen ditu, eta arront anonimoa da; beraz, ez du eskatzen ez izenik, ez telefono zenbakirik, ezta posta elektronikorik ere. Radar COVID Google Play-n dago eskuragarri Android sistema eragilea erabiltzen duten telefonoentzat, eta App Store-n iOS sistema eragilea duten mugikorrentzat (Apple enpresak erabiltzen duena).
 
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun