Euskara ulertzen duten hiztunen arteko hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa soziala da Euskaraldia, gizartearen gune guztietara zabaldua eta denborari dagokionez mugatua. Euskaraldiaren helburu nagusia herritarren hizkuntza ohiturak aldatuta euskararen erabilera handitzea da. 2020an, azaroaren 20tik abenduaren 4ra eginen da eta aurten, norbanako bezala (ahobizi edo belarriprest izanez), parte hartzeko aukeraz gain, taldean parte hartzeko aukera ere izanen da ariguneen bidez.
Mota guztietako entitateek hartu ahal izanen dute parte (erakunde publikoak, gizarte eragileak, enpresak, kooperatibak, kultur eta kirol elkarteak, eta abar), ariguneren bat badute. Ariguneek, edo euskaraz aritzeko guneek, euskaraz solas egiteko aukera bermatzen dute uneoro, izan entitate barrenean edo izan entitateak herritarrekin duen harremanean. Talde hauetako kideek ahobizi eta belarriprest modura ariko dira Euskaraldiak iraunen duen 15 egunetan, baina ariketa modu kolektiboan gauzatuko dute ariguneetan. Hala, bi motako ariguneak bereizten ditugu:
Barne-ariguneak
Entitate baten baitan ohiko dinamika duten eta kide guztiek gutxienez euskara ulertzen duten taldeak dira. Entitate motaren arabera, ohiko funtzionamendua duten talde horiek askotarikoak izan daitezke (sailak, atalak, ekipoak, sekzioak, zerbitzuak, taldeak…). Talde honetako kideek barne-arigunea osatzea erabakitzen dutenean modu kolektibo batean euren arteko hizkuntza-ohiturak aldatzeko aurrera pausoak ematea adostuko dute. Arigunea osatzeko beharrezkoa izanen da taldeko kideen %80a gutxienez ados egotea. Ariguneetako kide bakoitzak erabakiko du ahobizi edo belarriprest moduan parte hartu.
Kanpo-ariguneak
Entitatean herritarrekiko harreman-espazioetan dauden pertsonek osatzen dute kanpo-arigunea, uneoro belarriprest edo ahobizi bat egonen dela bermatzen bada; hau da, herritarrek uneoro euskaraz artatuak izateko bermea badute. Horrelako espazioak izanen dira jendaurreko edo harrera postuak, supermerkatuetako kutxak, telefono bidezko arreten arduradunak, tabernariak edo dendariak, bertzeak bertze.