Koronabirusa

Sei urtetik goitiko guztiek maskara jantzi beharko dute ikasgelan

Ttipi-Ttapa 2020ko abu. 28a, 12:30

Nafarroako Gobernuak joan den astean eman zuen ikasturte hasierara begira hartutako neurrien berri. Atzo, ordea, Espainiako Gobernuarekin izandako bileran, hark bildutako neurriak onartuko dituela adierazi zuen eta hala, eskolan maskara derrigorrez janzteko adina sei urtera jaitsi du.

Isabel Zelaa eta Salvador Illa Espainiako Gobernuko Hezkuntza eta Osasun ministroak autonomia erkidegoetako hezkuntza sailburuekin bildu ziren atzo eta eskolako itzulera zehazteko neurriak aipatu zizkieten. Espainiako Gobernuak 29 neurri eta bortz aholku bildu ditu dokumentuan.

Aurrez aurreko eskolak

  • Espainiako Gobernuaren helburua ikasturte osoan ikastetxeak irekita mantentzea izanen da, jangela zerbitzua mantenduz. Etapa guztietan eskolak aurrez aurrekoak izanen dira eta hori horrela izan dadin lehentasuna izanen dute Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bigarren mailara arteko ikasleek.
  • Ikastetxe bakoitzean Covid-19aren inguruko kontuez arduratzeko pertsona bat izendatuko dute.
  • Batetik bertzera 1,5 metroko tartea mantendu beharko dute.
  • Maskaren erabilera derrigorrezkoa izanen da sei urtetik goiti, distantzia mantentzen denean ere bai.
  • Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzako lehenbiziko zikloan, bizikidetza talde egonkorretan antolatuko dituzte ikasleak, eta talde horietan ez da distantzia mantendu beharrik izanen.
  • Ikastetxeko taldeak nahasita egitekoak diren jarduerak saihestu beharko dira, baita guttieneko distantzia mantendu ezin duten jarduerak ere.
  • Ikastetxeetan egin beharreko kirol jarduera edo ospakizunak publikorik gabe eginen dira.

Garbitasuna

  • Eskuak maiz garbitu beharko dira. Guttienez ikasgelera sartzean eta handik ateratzean, patiora ateratzean edo sartzean, jan aitzinetik eta ondotik eta komunera joan aitzinetik eta ondotik. Guttienez ikasleek bortz aldiz garbitu beharko dituzte eskuak egunero.
  • Ikastetxeetako eremuak ohi baino gehiago garbitu eta aireztatu beharko dituzte. Saio bakoitzaren aitzinetik eta ondotik edo errekreo denboran, guttienez 10-15 minutuz aireztatu beharko dira instalazioak; eskola batetik bertzerako tartean ahalik eta gehien.

Jangela eta garraioa

  • Jangeletan 1,5 metroko tartea bermatu beharko da bizikidetza talde egonkor berekoak ez direnen kasuetan. Ikasturte guztian ikasle bakoitzak toki finkoa izanen du.
  • Garraio zerbitzuan sei urtetik goitiko guztiek erabili beharko dute maskara eta hiru eta bortz urtekoen artean gomendagarria izanen da. Ikasle bakoitzak ikasturte osoan toki finkoa izanen du garraioan.

Kasuren bat agertuz gero protokoloa

  • Sintomak dituztenak ikastetxera joatea saihestu beharrekoa dela adierazi du, eta horrekin batera, sintomak dituztenen isolamendu goiztarriari garrantzia eman diote Espainiako Gobernutik.
  • Positibo bat agertuz gero, maskara kirurgikoa jantzi eta banakako espazio batera eraman beharko da. Berekin doan laguntzaileak babes neurriak jantzi beharko ditu.
  • Ustezko positiboak egon diren toki horiek aireztapen egokia izan beharko dute, eta erabili ondotik desinfektatu beharko dira.
  • Kutsatuta egon daitekeena adin ttikikoa denean, familiarekin edo bere tutore legalekin harremanetan jarriko da arduraduna, baita bere osasun arduradunekin ere. Kutsatuta egon daitekeena langilea denean, berriz, Lan Arriskuen Prebentzio Zerbitzura jo beharko dute.
  • Kasua positiboa edo negatiboa den baieztatu arte, berrogeialdia egin beharko du.
  • Kasua positiboa baldin bada, bere hurbileko kontaktuak ikertu beharko dira eta berrogeialdia egin beharko dute.
  • Eskolak hasi aitzinetik ikasle eta langile guztiei tenperatura hartuko zaie. Tenperatura eskolan hartzen bada, jende pilaketak saihestu beharko dira eta 1,5 metroko distantzia mantendu beharko da.
  • Ikastetxe batean hiru kasu edo gehiago agertzen direnean agerraldi bat dagoela ondorioztatuko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun