Koronabirusa

Covid-19ren hedapena geldiarazteko, eliza, ospakizun eta ikuskizun aretoen edukiera murriztea agindu du Nafarroako Gobernuak

Ttipi-Ttapa 2020ko abu. 26a, 16:00

Nafarroako Gobernuak akordio bat onartu du gaurko saioan, kultu, ospakizun eta adinekoen elkartetan edukiera murrizten duena. Gainera, ikuskizunetan eta dantza-akademietan muga berriak ezartzen ditu eta berdin espazio publikoetan egiten diren bileretan ere. Araudi berriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondotik hartuko du indarra eta Foru Gobernuak 2020ko ekainaren 19an hartutako erabakia aldatuko du.

Ospakizunak, aisialdia eta ikuskizunak

Neurri berrien artean, %75etik %50era jautsiko da gurtza-lekuetako gehieneko edukiera; ezkontza-ospakizunek eta izaera sozial, erlijioso edo zibileko bertze ospakizun batzuek, berriz, 75 lagun izanen dituzte gehienez ere aire zabalean eginez gero, eta 35 toki itxietan. Otorduetan, mahaiaren inguruan bildutako taldeek ez dituzte 10 pertsona baino gehiago izanen eta higiene eta prebentzio neurriak bete beharko dituzte: pertsonen artean 1,5 metroko distantzia, maskara erabili eta eskuak garbitu.

Gaueko aisialdian diharduten establezimenduei dagokienez, diskotekak eta dantzalekuak itxita segituko dute (hilaren 17ko Foru Dekretuan ezarri bezala). Ostalaritzako establezimendu guztietan, aldiz, ez da muga berririk ezarriko: edukieraren %75 barnealdean eta %100 terrazetan.

Muga berriak ikuskizun-aretoentzat (zinemak, antzokiak, auditorioak, zirkua, eta abar).

Zehazki, gehieneko edukieraren %75ari eutsiko zaio, baina lokal itxien kasuan 350 pertsona baino gehiago elkartzekotan edo, aire zabaleko instalazioetan 700 pertsona baino gehiago, kasu horietan, erakunde sustatzaileak nahitaezko txosten loteslea eskatu beharko dio Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari eta erakunde horrek zehaztuko ditu ekitaldia egiteko behar diren neurri zehatzak.

Haurtzaindegiak eta adinekoen zentroak eta dantza-akademiak

Akordioak adinekoen elkarteei ere egiten die erreferentzia. Horietan gehieneko edukiera % 50ekoa izanen da (lehen % 75ekoa zen), eta ez da gomendatzen aisialdiko jardueretarako soilik irekitzea eskatutako prebentzio-neurriak edo edukieraren kontrola bete ezin duten zentroetan.
 
Haurtzaindegiek, berriz, prebentzio-protokolo bat eta jardueraren garapena antolatzeko protokolo bat izan beharko dute, eta protokolo horretan orain arte onartutako osasun-gomendioak bildu beharko dituzte.
 
Dantza irakasteko edo egiteko aretoetako jarduera ere arautzen du dokumentuak. Kasu horietarako, pertsona bakoitzeko 5 metro koadroko segurtasun eremua ezarriko du aginduak. Pertsonen arteko tartea 1,5 metrokoa izanen da eta, musukoa erabiltzea nahitaezkoa izanen da.
 
Ikasle taldeak egonkorrak izan beharko dute, eta ezin izanen da eskola aldaketarik egin, ez eta bikote aldaketarik ere modalitate honetako dantza eskoletan.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun