COVID-19: Azken datuak

Goraka doa positiboen kopurua; Malerrekan eta Bortzirietan bina gehiago, Leitzako eremuan bat gehiago baina Elizondokoan bi gutiago

Ttipi-Ttapa 2020ko abu. 25a, 13:30

Gure lurraldean ere, egunetik egunera goraka doa positiboen kopurua. Azken 24 orduetan Malerreka eta Bertizaranan bertze bi positibo atzeman dituzte, Bortzirietan ere bertze bi gehiago eta Leitzako osasun eremuan bat gehiago. Elizondoko eremuan, aldiz, gaur 2 positibo gutiago ageri dira Nafarroako osasun-sare publikoak ematen dituen datuetan.

Azken datuen arabera, 136 dira Elizondoko eremuan pandemiaren hasieratik metatutako positiboak (Baztan+Urdazubi+Zugarramurdi), 127 Malerreka-Bertizaranan, 33 Bortzirietan eta 18 Leitzako eremuan (Arano+Areso+Goizueta+Leitza).

Nafarroan atzo 92 kasu positibo, egin ziren 1.571 PCR proba guztien % 6a

Kasu berri gehienak familia eta lagunekin egiten diren bileretan gertatzen dira. Ildo horretan, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak behin eta berriz azpimarratu du  isolamenduak etxean bertan egin behar direla, bizikideekin harremanik izan gabe, eta ez dela bilera sozialik egin behar senideen edo lagun taldeen artean.

Adin-tarteen araberako banaketari dagokionez, 15-29 urtekoen taldea da nagusi, kasu guztien % 33arekin, eta 30-44 urtekoena gero berriz % 22arekin. Ondotik 45-59 urte bitarteko taldea dago, kasuen % 16arekin; 14 urtera arteko adingabeak % 11 dira, 75 urtetik gorakoak % 5, eta 60-74 urte bitartekoak, % 13. Kasu berrien batez bertzeko adina 38,4 urtera jautsi da. Generoari dagokionez, % 52 emakumeak dira eta % 48 gizonak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun