Noiz ez du ikasle batek eskolara joan behar?
Egoera hauetako batean egonez gero, ez du joan behar:
- PCR baten edo bertze proba diagnostiko molekular baten emaitzaren zain dagoenean.
- Isolamenduan baldin badago, PCR+ bidez diagnostikatutako koronabirus bidezko infekzioa duelako.
- Berrogeialdian egonez gero, COVID kasu baieztatu baten kontaktu estua delako.
- Koronabirus bidezko infekzioarekin bateragarriak diren sintomak baldin baditu.
Noiz kontsidera daiteke ikasle-irakasle baten kasua susmagarria dela?
Arnas infekzio akutuko koadro kliniko bat agertzean edota, bat-batean, edozein larritasun agertzen bazaio: konparazio baterako, sukarra, eztula edo aire-falta. Bertze sintoma batzuk, hala nola odinofagia, anosmia, ageusia, muskuluetako mina, behetikoak, bularraldeko mina edo zefaleak, COVID-19 bidezko infekziorako susmoak ere izan daitezke, irizpide klinikoaren arabera.
Lehen Hezkuntzako 4. maila bitarteko ikastaldeetan, ikasle guztiak harreman estua dutela ulertuko da. Lehen Hezkuntzako 5. mailatik aitzinera, osasun-agintariek kontaktu estutzat joko dute, gelan ikaskideekin duten distantziaren eta maskaren erabileraren arabera.
Ez da gomendatzen ikastetxeko kontaktu estuen berrogeialdia, harik eta probaren emaitza positiboa ezagutu eta infekzioa baieztatu arte. Ikasturte hasieran, egoera kontaktu estu gisa definitutako haurrei PCRa egiteko baimen informatua eskatuko zaie gurasoei.
Kontaktu estuko ikasleei berrogeialdia adieraziko zaie (salbu eta PCR bidez baieztatutako koronabirus infekzioa izan badute edo aurreko 6 hilabeteetan proba serologiko positiboa izan badute).
Koronabirusarekin gaixotutako ikaslea, noiz itzuliko da ikastetxera?
Ospitaleratu ez dituzten eta prozesu arina duten ikasleek isolamendua eginen dute 10 egunez, gutienez. Osasun zentroko profesionalek segimendua egin eta alta adieraziko diote. Kasu hauetan, ikastetxera itzultzeko ez du kontroleko PCR bat egin beharrik izanen.