COVID-19: Azken datuak

Azken orduetan 10 positibo gehiago eskualdean; lau Doneztebeko eremuan, hiru Elizondokoan, bi Bortzirietan eta bat Leitzakoan

Ttipi-Ttapa 2020ko abu. 23a, 13:30

Adin-tarteen arabera, 15 eta 29 urte bitarteko multzoa da nagusi, kasu guztien %36, eta, ondotik 45 eta 59 urte bitarteko multzoa, %21.

Nafarroako osasun-sare publikoan erregistratutako datuen arabera, azken 24 orduetan Malerreka eta Bertizaranan lau positibo gehiago atzeman dituzte, Elizondoko osasun eremuan bertze hiru (Baztan + Urdazubi + Zugarramurdi), Bortzirietan bertze 2 positibo gehiago eta Leitzako osasun eremuan (Arano+Areso+Goizueta+Leitza) bat gehiago.

Azken datuen arabera, 138 dira Elizondoko eremuan metatutako positiboak (Baztan+Urdazubi+Zugarramurdi), 123 Malerreka-Bertizaranan, 31 Bortzirietan eta 17 Leitzako eremuan (Arano+Areso+Goizueta+Leitza).

Atzo Nafarroa osoan 105 positibo erregistratu zituzten 1.723 PCR proba egin ondotik

Nafarroako Osasun Publikoaren Institutuak emandako datuen arabera, atzo Nafarroa osoan 105 positibo erregistratu zituzten 1.723 PCR proba egin ondotik. Gainera, 88 urteko emakume bat hil zen koronabirusak jota, eta hiru pertsona ospitaleratu behar izan zituzten.
 
Geografiaren ikuspegitik, Iruñerrian daude kasu berri gehienak, %42. Ondotik Tuterako Osasun eremua, kasuen %26a —gehienak Tutera hirian— eta Lizarrako Osasun eremuan %11. Hiru hiri hauen inguruko positiboek Nafarroako osoko positiboen %79a egiten dute.
 
Adin-tarteen arabera, 15 eta 29 urte bitarteko multzoa da nagusi, kasu guztien %36, eta, ondotik 45 eta 59 urte bitarteko multzoa, %21. Segidan, 0tik 14 urtera bitarteko taldea dago, eta 60tik 75era bitartekoa, biak kasu berrien %9arekin, eta 75 urtetik gorakoak %7arekin. Kasu berrien batez bertzeko adina 37,3 urtekoa da. Generoari dagokionez, kasuen %53 emakumeak dira, eta %47, gizonak.
 
Ikuspegi epidemiologikotik (hau da, kutsatzeen bilakaera eta larritasunari buruzko ikuspegitik), atzo bertze hiru ospitaleratze izan ziren Nafarroan COVID-19aren eraginez, eta pertsona bat hil zen koronabirusak jota; beraz, pandemia hasi zenetik 533 pertsona hil dira Nafarroan eta infekzioek 8.868 pertsonei eragin diete.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun