Abuztuaren 19an, 135 dira Elizondoko eremuan metatutako positiboak (Baztan+Urdazubi+Zugarramurdi), 116 Malerreka-Bertizaranan, 16 Leitzako eremuan (Arano+Areso+Goizueta+Leitza) eta 29 Bortzirietan.
Nafarroa osoko kopuruei erreparatuz gero, 113 dira azken 24 orduetan atzeman dituzten positiboak. Iruñeko Osasun Eremuan atzeman dituzte kasu gehienak, eta kutsatuen batez bertzeko adina 40 urtekoa da. Birusak konplikazioak ekarri dizkiela eta, sei pertsona ospitaleratu dituzte (bat ere ez ZIUn). Atzo, osasun-sare publikoan, 1.804 PCR proba egin zituzten eta horietatik 113 positibo berretsi zituzten. Atzoko positiboak lehendik atzemandakoei gehituz gero, Covid-19ren infekzioen intzidentzia metatua 8.513koa da.
Geografiaren ikuspegitik, kasu berri gehienak Iruñean eta bere eskualdean daude (%37), eta atzetik datoz Tutera (%23) eta Lizarra (%22). Bi eskualde hauetako herri nagusietan 20 eta 9 kasu berri erregistratu ziren atzo, hurrenez hurren. Kasu berri gehienak familia-eremuarekin lotuta daude.
Adinaren araberako banaketari dagokionez, 30 eta 44 urte bitarteko taldea da nagusiena (guztien %26a), atzetik 15 eta 29 urte bitarteko taldea eta 45 eta 59 urte bitartekoa (bi kasuetan %21eko portzentajean). 15 urtetik beherakoak %13 dira. 60 eta 75 urte bitartekoak %14 dira, eta 75 urtetik gorakoak, %6. Kasu berrien batez bertzeko adina 40 urtera igo da. Generoari dagokionez, %54 emakumeak dira eta %46 gizonak.