Koronabirusa

Nafarroako zahar etxeetan, gaueko aisialdian eta karrikan tabakoa erre edota edaten dutenentzako murrizketek gaur hartuko dute indarra

Ttipi-Ttapa 2020ko abu. 18a, 10:30

Gobernuak atzo onartu zuen autonomia erkidegoek adostutako neurriak foru araura eramaten dituen foru lege-dekretua. Horrela, Nafarroan gaurtik aitzinera indarrean daude Covid-19 kasu positiboen gehikuntzari erantzuteko ezarritako murrizketak. Murrizketa horiek, funtsean, aisialdiko jarduerei, adinekoen eta ezgaitasuna duten pertsonen egoitzei eta eremu publikoan erretzeari edo alkohola edateari eragiten diete.

Nafarroak, gaurtik aitzinera, Osasun Ministerioaren eta autonomia-erkidegoen artean hartutako neurri berezi batzuk hartu ditu, koronabirusaren hedapena geldiarazteko. Gaur indarrean sartuko den neurri azpimarragarrienetako bat karrikan erretzea debekatzea da, bertze pertsona batzuekin bi metroko distantzia bermatu ezin bada. Xedapen hori tabakoa arnasteko edozein gailuri aplikatuko zaio, hala nola ur-pipak, pipak edo antzekoak.

Nafarroako Aldizkari Ofizialean gaur argitaratu diren neurrien artean bertze berrikuntza garrantzitsu bat gaueko aisiarekin lotutako debekuak dira. Oro har, parke eta plaza publikoetan eta jendea ibiltzen den bertze toki batzuetan debekaturik dago karrikako edana, edota eremu publikoan elkarbizitza- eta aisia-ospakizunak egitea. Gisa berean, taberna bereziak, dantzalekuak eta diskotekak dituzten establezimenduen jarduera iraungiko da, zuzeneko musika-emanaldiekin eta gabe. Gainerakoan, ostalaritza-, sukaldaritza- eta terraza-jarduerak dituzten establezimenduak 01:00etan itxiko dira, establezimendua uzteko lanak barne, eta 00:00etatik aitzinera ezin izanen da bezero berririk onartu.

Egoitza-izaerako zentro soziosanitarioei dagokienez, adinekoen eta desgaituen eremuetan, baimen eta oporretatik itzultzen diren langile guztiei eta sartzen diren langile berriei ere PCR probak eginen zaizkie. Gainera, zentro horietako egoiliarrentzako bisitaldiak egoiliar bakoitzeko pertsona bakarrera mugatuko dira, egunean gehienez ordubeteko iraupenarekin. Egoiliarren irteerak ahalik eta gehien mugatuko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun