Koronabirusa

Hauek dira Nafarroan datorren astean indarrean sartuko diren murrizketa berriak

Ttipi-Ttapa 2020ko abu. 15a, 12:30

Karrikan erretzeko debekua eta ostalaritza goizaldeko ordu batean ixtea dira berrikuntzarik handienak

Foru Gobernuak asteazkenean onartuko du foru lege dekretu bat Estatuan adostu dituzten neurriak Nafarroan arautuko dituena. Ostalaritzaren itxiera 01:00era aurreratuko da, ezin izanen da karrikan erre eta PCR probak areagotuko dituzte, batez ere adinekoen egoitzetako egoiliar eta langileei.

 

Estatuan adostutako neurri berriak foru lege dekretu baten bidez egokituko dira Nafarroara. Foru dekretu hori Nafarroako Gobernuak onetsiko du asteazken honetako bilkuran, eta ortzeguneko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondotik hartuko du indarra.

Neurri gehienak hiru esparrutan zentratzen dira: ostalaritza, adinekoen egoitzak eta gizarte-bizitza. Ostalaritzaren alorrean, dagoeneko ezagunak diren neurriak azpimarratzen dira, hala nola pertsonen arteko 1,5 metroko distantzia bermatzea barra-zerbitzuan eta mahaien artean (10 pertsonako gehieneko taldeekin), baina orain neurri horiei gaineratu egiten zaiei taberna eta ostatuak goizaldeko ordubaterako itxi beharko direla. Jakina denez, Nafarroak dagoeneko arautua zuen alderdi hori, eta establezimendu guztien itxiera-ordutegia goizaldeko 2etan bateratua zuen.

Gaueko taberna eta diskoteken itxieraNafarroan, oro har, goizaldeko ordu biak jarri zituzten ixteko epemuga gisa, duela ia hilabete. Praktikan diskotekak eta kopa taberna batzuk ixtea ekarri du. Orain, diskotekak, dantzalekuak eta kopa-tabernak ixteko agindua dute.

Gaueko 12etatik aitzinera ezingo dute bezero berririk onartu

Taberna eta jatetxeak goizaldeko ordu batean itxiko dituzte eta ezingo dute bezero berririk onartu 12etatik aitzinera. Nafarroan, duela astebete onartu zen herrietan ez bestak deiturikoetan ostalaritzak 12etan itxi behar zuela. Horrela, Nafarroan, ez bestak garairako baino ez zena, orain orokorra bihurtzen da.

Karrikan edo aire zabalean ez erretzea

Berria da Nafarroan. Orain debekatuta dago karrikan edo aire zabalean erretzea (zigarretak eta tabakoa inhalatzeko bertze edozein gailu), baldin eta ezin bada segurtasunezko bi metroko distantzia ziurtatu.

Mahaien artean eta barran 1,5 m

Nafarroan onartuta zegoen jada. Gutieneko distantzia barra-zerbitzuan eta 1,5 metroko mahaietan.
 
PCR probak adinekoen egoitzetako egoiliar eta langileei

Nafarroan dagoeneko derrigorrezkoa da egoitzetan sartzen diren langile berriei PCR proba egitea, 72 orduko gehieneko epearekin. Gainera, egoitzetako kudeatzaileek eskatzen zuten bezala, zahar etxeetan bizi diren guztiei irailean eginen zaie test serologikoa eta PCR proba bat, haien immunitatea ikusteko. Egoitzetako langileak oporretatik eta baimenetatik bueltan sartzean ere PCR proba eginen zaie.
 
Pertsona bat zahar etxeetara bisitan

Bisitak murriztea gomendatuko du Nafarroako Gobernuak. Orain, bisitak pertsona bakarrera eta egunean ordubetera mugatzen dira, pilaketak saihesteko. Egoiliarren irteerak ere ahalik eta gehien mugatuko dituzte.
 
PCR baheketak talde espezifikoei

Talde espezifikoei (enpresak, zentro soziosanitarioak, kanpamenduak, ikastetxeak, eta abar) PCR baheketak eginen zaizkie. Nafarroan jada egiten ari zen zerbait da.
 
 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun