Aste lasai batzuen ondotik, uztailaren 31tik abuztuaren 7rako astean hamar Covid-19 positibo berri atzeman dituzte osasun zerbitzuek gure eskualdean: 4 Doneztebeko osasun eremuan, 3 Elizondokoan, 2 Leitzakoan eta 1 Lesakakoan.
Ruth Gonzalez San Tomas, Bortzirietako Osasun Zentroko zuzendariak aipatu digunez, «Bortzirietako kasua Arantzan eman da, ez da hemen sortua, kanpotik ekarritakoa da, oporretatik bueltan eta etxean dago bakartua. Bere inguruko guztien probek negatibo eman dute». Zahar Etxeei dagokienez, eskualdean kasurik gabe segitzen dute eta hortaz, ohiko ateraldiak eta bisitak egiten segitzen dute. Heldu den ikasturteko jubiloteka zerbitzuari dagokionez, Bortzirietako Gizarte Zerbitzuko teknikariekin bildu ondotik, ikastetxeetan bezala, hasteko asmoa dute, segurtasun neurri guztiak hartuz.
Berako ez-bestei dagokienez, Lesakan bezala, oraingoz ez dela kasurik atzeman aipatu digu Gonzalezek eta horrek gauzak ongi egiten ari direla erran nahi duela. «Orain, Etxalar eta Arantzakoak heldu zaizkigu, eta hauetan ere bestak ez diren arren, beti izaten da ospakizunen bat. Betikoa diogu: kontu eman, distantziak mantendu eta musukoa erabili».
Metatutako kasuak
Gisa honetara, pandemia gurera etorri zenetik 110 kasu atzeman dituzte Doneztebeko osasun eremuan (mila bizilagunetik 24,65); 118 Elizondokoean (mila bizilagunetik 16,77); 16 Leitzan (mila bizilagunetik 4,85) eta 28 Lesakan (mila bizilagunetik 4). Hain zuzen, Lesaka eta Leitza dira Nafarroa osoan Covid-19 kasu guttien dituzten Nafarroako eskualdeak.