Koronabirusa

Gaueko lokalen ordutegia murriztu nahi du Nafarroako Gobernuak

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 20a, 20:00

Koronabirusaren inguruko prentsaurreko bat egin du gaur eguerdian Santos Indurain Osasun kontseilariak eta orduan jakinarazi du, asteazkenean, gaueko aisialdiaz gozatzeko aukera ematen duten lokalen ordutegia mugatzeko lege bat onartu nahi dutela. Zehazki, Nafarroa osoan lokal horiek «gehienez 02:00etan ixtea» proposatuko dute, sektore bereko ostatu eta jatetxeekin parekatuz. 

Horrekin batera, gehienez hamar laguneko taldeak egiteko proposamenaz aritu da Indurain, lokalak ixterakoan jende pilaketak saihesteko. Gisa berean, gazteen lokaletan ekintzak debekatuta daudela eta 12 urtetik goitikoek nahitaez maskara erabili behar dutela oroitarazi du. «Gure estrategia ez da eta ez da izanen bereizi gabeko atzeraldia egitea, pixkanaka ekintza selektiboak, proportzionatuak, koherenteak eta sendoak egitea baizik». 

Azken astean positibo emandakoen kopuruak goiti egin dutela nabarmendu du. Hain zuzen, azken orduetan 51 positibo atzeman dira: horietatik 25 Mendillorriko agerraldiarekin lotutakoak dira. Eta horrez gain, bertze bi agerraldi izan dira: Iruñean Alde Zaharreko jatetxe bati lotutakoa eta zehaztu ez duen herri batean, familia baten bueltan izandakoa. Horren harira, Nafarroan izandako 20 agerraldietako gehienak aisialdiari lotutako jardueretan atzemandakoak izan direla adierazi du. Kutsatuen arrastoa jarraitzen ari diren aztarnarien lana ere azpimarratu du prentsaurrekoan: Nafarroan 38 omen dira horretan ari diren profesionalak, eta bertze 96 prest daudenak, beharraren arabera lanean hasteko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun