Koronabirusa

Galderak eta erantzunak maskararen derrigorrezko erabileraz zalantzak argitzeko

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 16a, 12:00

Gaurtik aitzinera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eta ortziraletik aitzinera Nafarroan derrigorrezkoa izanen da musukoa erabiltzea. Horren harira, zalantzak argitzeko hainbat datu jakinarazi ditu Nafarroako Gobernuak.

Nafarroan musukoen erabilera derrigorrezkoa izanen da?
Bai, uztailaren 17ko 00:00etatik aitzinera, derrigorrezkoa izanen da musukoa erabiltzea nahiz eta 1,5 metroko segurtasun tartea bete. 12 urtetik goitiko herritar guztiek erabili beharko dute karrikan eta aire zabaleko espazio guztietan; erabilera publikoko espazio itxietan edo jendearentzat irekita dauden eta espazio berean bertze pertsona batzuekin egon gaitezkeen espazioetan; baita garraio publiko eta pribatu guztietan ere, bidaiariak etxebizitza berean bizi diren kasuetan izan ezik.

Zenbat urtetik aitzinera derrigorrezkoa da?
12 urtetik goitiko guztiek nahitaez erabili beharko dute. 6 eta 12 urte artekoek eta 12 urte bete gabe dituztenek 1,5 metroko tartea bermatu ezin dutenean erabili beharko dute.

Musukoa bakarrik erabiltzea nahikoa da?
Ez. Derrigorrezkoa izanen da maskara modu egokian erabiltzea, hau da, sudur-trenkadaren zati batetik kokotsera bitarte estali beharko da.

Zein egoeratan ez da derrigorrez erabili behar?

  • Herrigunetik kanpo naturan mendian ibiltzerakoan, eskalatzerakoan, bizikletan ibiltzeko eta gisakoetan, beti ere, batetik bertzera 1,5 metroko segurtasun tartea bermatzen denean.
  • Titulartasun publikoko eta pribatuko lantokietan, langileen artean 1,5 metroko segurtasun-distantzia bermatzen bada.
  • Arnasteko zailtasunen bat duten pertsonen kasuan.
  • Mendekotasuna edo desgaitasuna izan eta musukoa kentzeko gai ez diren pertsonen kasuan, edo erabilerak jarrera aldaketak eragiten dituenean.
  • Ezinbertzeko kasuetan.

Nola baiezta daiteke pertsona batek arnasteko arazoa duela eta musukoaren erabilerarekin okerrera egin dezakeela?
Segurtasun indarrek hala eskatzen badute hori baieztatzen duen dokumentua eskatu beharko dute. 

Nola ziurta daiteke pertsona batek mendekotasuna edo desgaitasuna duela eta ez dela musukua kentzeko gai? Edo musukoaren erabileran jarrera aldaketa izan ditzakeela?
Segurtasun indarrek hala eskatzen badute hori baieztatzen duen dokumentua eskatu beharko dute. 

Ostatu, kafetegi, jatetxe eta terrazetan musukoaren erabilera derrigorrezkoa izanen da?
Bai, jatekoa edo edatekoa kontsumitzerako momentuan izan ezik. Hortaz, musukoa erabiltzea nahitezkoa da: platera eta platera arteko denboran, zerbitzatzeko esperoan egoterakoan, jatekoa edo edatekoa bukatu ondotik, mahai-inguruan edo solasean egoterakoan…

Nola egon behar dugu ostatu bateko terrazan edo jatetxe batean gaudenean?
Beti musukoarekin. Jaterako edo edaterako momentuan bakarrik ken daiteke.

Elkarte gastronomikoetan musukoaren erabilera nahitaezkoa da?
Bai, jaterako edo edaterako momentuan izan ezik.

Gazteen lokaletan maskararen erabilera derrigorrezkoa da?
Bai, salbuespen orokorreko kasuetan izan ezik.

Kirola egiterakoan, musukoa nahitaez erabili behar da?
Pertsona batetik bertzera 1,5 metroko segurtasun tartea bermatzen bada, ez da derrigorrezkoa. Baina segurtasun tarte hori bermatu ezin bada, nahitaezkoa izanen da.
Kirol instalazio eta zentroetan partekatzen diren tokietan denbora osoan musukoa erabili beharko da.

Igerilekuan musukoaren erabilera derrigorrezkoa da?
Bai. Baina igerilekuan bainatzerako momentuan edo etzanda eguzkia hartzerakoan, beti ere, segurtasun tartea bermatua baldin bada, ez da derrigorrezkoa izanen da. Batetik bertzera ibiltzean ere derrigorrezkoa izanen da, beti ere bainatzera joateko ez bada.

Eta belarrean leitzen aritzeko derrigorrezkoa da?
Bai, nahitaez erabili beharko da, segurtasun tartea mantenduta etzanda eguzkia hartzerakoan izan ezik.

Igerileku publiko edo komunitario batean eguzkia hartzeko maskara erabiltzea nahitaezkoa da?
Ez, beti ere segurtasun tartea errespetatzen bada.

Erreka edo bainatzeko diren natura eremuetan musukoa erabiltzea nahitaezkoa da?
Bai, baineratzeko unean edo segurtasun tartea mantenduta etzanda eguzkia hartzerakoan izan ezik. Batetik bertzera ibiltzean ere derrigorrezkoa izanen da, beti ere bainatzera joateko ez bada.

Mendira joatean, eskalatzerakoan, bizikletan ibiltzerakoan... derrigorrezkoa da?
Herrigunetik kanpo, kirol horiek egiteko ez da nahitaezkoa izanen, 1,5 metroko segurtasun tartea bermatzen bada. Tarte hori gabe nahitaez erabili beharko da.

Espazio pribatuetan derrigorrezkoa da?
Ez, baina familia berekoak ez direnak biltzen direnean erabiltzea gomendatu dute.

Nirekin bizi ez diren senitartekoak edo lagunak etxera gonbidatzen ditudanean, musukoa erabili behar dugu?
Ez, baina gomendagarria da.

Lantokian musukoaren erabilera derrigorrezkoa da?
Lantokietan musukoaren erabilera ez da derrigorrezkoa, baina langileen artean 1,5 metroko segurtasun tartea bermatzen denean. Aitzitik, publikoari irekita dauden lantokietan musukoa erabiltzea nahitaezkoa izanen da.

Autoan musukoa erabili behar da?
Etxebizitza berean ez dauden bidaiariak doazenean, adibidez, lankideak edo lagunak, bai nahitaezkoa da. Aitzitik, etxebizitza berekoak doazenean ez da derrigorrezkoa.

Garraio publikoan derrigorrezkoa da?
Bai, nahitaezkoa da.

Ikastetxeetan musukoak erabiltzea derrigorrezkoa da?
Momentuko egoeraren arabera erabakiko dute.

Musukoa erabiltzen ez bada isunak izanen dira?
Bai.

Zenbaterainokoak izan daitezke isunak?
100 euro artekoak izan daitezke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun