COVID-19: Azken datuak

Sunbillako agerraldian 21 kasu erregistratu ondotik, uztailaren 5az geroztik ez da bertze positiborik agertu

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 15a, 17:30

Kutsatutako hirutik batek 18-30 urte ditu Nafarroan. Adinak behera egin du Estatuan ere, kutsatuen batez bertzeko adina 50 urtetik beherakoa baita (46,3 gizonezkoetan eta 50,5 emakumezkoetan).

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak (ISPLN) bildutako behin-behineko datuen arabera, Covid-19arekin kutsatuta bertze 20 positibo eta hildako bat erregistratu dituzte azken orduotan. Hogei positibo horietatik hiru Iruñean atzeman duten hirugarren agerraldi berri batekin lotzen dituzte, azaldu dutenagatik espazio publikoan kutsatu direlako.

Oraingoz hiru dira Iruñerrian detektatu dituzten agerraldiak.

Agerraldi horietako bat uztailaren 6ko gosari batetik sortua da; eta azken orduetan atzeman duten positiboa gehituz gero, agerraldi horrek 24 positibo metatu ditu dagoeneko. Iruñeko bigarren agerraldi bat gizarte- eta familia-harremanekin lotua dago, eta honetan dagoeneko 11 kasu metatu dituzte atzoko hiru positiboak sartu ondotik. Baina Iruñean bada hirugarren agerraldi bat gehiago. Osasun agintariek jakitera eman dutenez, «jendartean hainbat egoera partekatu dituzten hiru lagun dira» agerraldi honetan identifikatu dituztenak.

Tuterako agerraldiak, sorburua ezkontza baten ospakizunean duenak, 36 positibo ditu erregistratuak oraingoz.

Sunbillako agerraldia ekainaren 22an detektatu zen eta 21 pertsonari eragin die. Itxura guztien arabera kontrolatuta dago, azken positiboa uztailaren 5ekoa baita.

Gainera, gaur goizean 91 urteko emakume bat hil da Tuterako Reina Sofía Ospitalean. Emakume hau joan den asteazkenean ospitaleratua zuten eta hainbat patologia zituen diagnostikatuak. Heriotz hau kontatuta, oraingoz 529 dira Nafarroan hil direnak koronabirusak jota. Ekainaren 11z geroztik ez zen hildakorik erregistratzen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun