Koronabirusa

Nafarroan musukoa nahitaezkoa izanen da aste honetatik aitzinera, agerraldi eta kutsadura berriak saihesteko

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 13a, 17:00

Aste honetatik aitzinera Nafarroan musukoaren erabilera derrigorrezkoa izanen da, segurtasun tartea edozein dela ere.

Nafarroan ere egunero koronabirusarekin kutsatutako kasu gehiago agertzen ari direnez eta bakarrik pasa den larunbatean 34 kasu gehiago erregistratu zituztenez, musukoaren erabilera nahitaezkoa bihurtzeko xehetasunak emanen dituzte aste honetan bertan.

Nafarroak ere, dagoeneko bertze autonomia-erkidego batzuetan egin duten bezala, datozen egunotan argitaratuko du musukoaren erabilera behartzen duen araudia, pertsonen arteko segurtasun-distantzia edozein dela ere.

Erabakia koronabirus agerraldiei aurre egiteko hartuko dute, ekainaren amaieratik zortzi agerraldi zenbatu baitituzte Nafarroan. Egoera ikusita, Osasun Departamentuak hausnarketa teknikorako barne-prozesu bat jarri zuen abian, hainbat aholkulari teknikoren laguntzarekin, eta Nafarroako Gobernuak asteazkenean eginen duen bilkuran onartuko du gaur egun indarrean dagoena baino erregulazio zorrotzagoa ezartzea. Antzeko erabakia hartua dute jada Kataluniak eta Extremadurak, eta laster eginen dute Andaluziak, Aragoik, Asturiasek, Balear Uharteak, Kantabriak, Errioxak edo Murtziak.

Osasun Departamentuak dagoeneko prest du aste honetan bertan gauzatuko den proposamena. Proposamen horretan, arauaren epeak eta alderdi zehatzak finkatuko dira, hala nola espazioak, zigorrak, etab.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun