Aitzineko seroprebalentzia azterketen emaitzekin bat datoz azken ikerketa honetako datuak. Izan ere, test azkarren bitartez lortutako azken ikerketetan, maiatzaren 13an eta ekainaren 4an argitaratutakoetan, %5,7ko eta %6,3ko portzentajeak neurtu zituzten eta osasun agintarien arabera, «alde horiek ez dira adierazgarriak eta bat datoz azken emaitzarekin».
Seroprebalentziari buruzko azterketa hiru alditan egin da. Lehenbizikoa apirilaren 27tik maiatzaren 10era arte egin zen, konfinamenduaren azken egunetan eta 1.744 lagunek parte hartu zuten. Azterketa abian jarri zen egunean, PCR bidez diagnostikatutako positiboak 4.759 ziren. Bigarren azterketa maiatzaren 18tik 31ra (1. eta 2. fase artean) egin zen eta 1.756 lagunek parte hartu zuten. Kasu horretan, PCR bidez diagnostikatutakoak 5.183 ziren; eta hirugarrena eta azkena ekainaren 8tik 21era egin zen, laugarren fasean, eta 1.697 lagun izan ziren parte hartu zutenak. Proba hasi zen egunean 5.336 lagunek eman zuten positibo.
Antigorputzen azterketa egiteaz gain, proba egin duten guztiei galdetegi epidemiologiko bat betearazi diete, koronabirusaren sintomarik izan ote duten jakiteko. Horren arabera, lehen faseko aste bakoitzean, %6,2k eta %4,5ek adierazi zuen koronabirusaren infekzioarekin bateragarriak diren hiru sintoma edo gehiago izan zituela edota usaimena edo dastamena galdu zuela; bigarren txandan, ordea, portzentaje horiek %0,5era eta %0,2ra jaitsi ziren. Hirugarren fasean, berriz, sintoma horiek aipatu dituzten pertsonen portzentajea igo egin da, eta %2,2koa izan da hamabortzaldi osoan.
Aldi berean, azterketan, maskararen erabilerari buruzko bilakaera jaso dute. Nafarroako kasuan, maiatz erdialdean, parte-hartzaileen %36,8k maskara ez zuela erabiltzen aitortu zuen. Portzentaje hori, ordea, %16,3ra jaitsi da azken azterketan.