Koronabirusa

Maskara kirurgikoek 400 urte behar dituzte naturan deskonposatzeko

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 3a, 15:00

Eskularru biodegradagarriek, berriz, 30 urte behar dituzte kasurik onenean. Halaxe jakinarazi du Nafarroako Gobernuak Nafarroako Hondakinen Kontsortzioaren bidez sustatu duen Ibaiko beste arrainak erakusketaren harira. Gisa horretara, herritarrak Covid-19arekin kutsatzea saihesteko babes-ekipo ohikoenak desegiteko moduaz herritarrak sentsibilizatu nahi ditu.

Maskarak eta eskularruak elementu baliotsu bilakatu dira Covid-19aren zabalkundea geldiarazteko baina Gobernutik ohartarazi dute, «behar bezala botatzen ez badira kalte handia egiten diotela ingurumenari». Hala, «behin erabiliz gero errefusaren edukiontzira bota» behar dela oroitarazi dute, «eta inola ere ez lurrera». Izan ere, osasun agintariek nabarmendu bezala, «arriskutsua da bide publikoan uztea, kutsaturik egon daitezkeelako». Horrekin batera, adierazi dutenez, «azken hilabeetan maskara ugari agertu dira bide publikoan edo araztegietako ur-sarreretan bildurik». Gisa berean, «erabilera bakarrekoak polipropilenoz egin ohi direla» azaldu dute: «erregai fosiletatik eratorririko material plastiko bat da, mikroplastikoetan deskonposatzen dena; horiek ibaibideetara joaten dira, eta itsas espezieek jaten dituzte. Deskonposatzen 400 urte eman ditzaketela kalkulatu da».

Bertzetik, eskularruen harira ere aritu da Gobernua eta jakinarazi du «nitriloz edo biniloz eginiko eskularruak ez direla biodegradagarriak». Gaineratu duenez, «latexezkoak degradagarriak dira baina deskoponsatzeko 30 urte behar izaten dituzte».

Erakusketa

Egoera ikusita eta «Covid-19aren pandemian ere ahalik eta hondakin guttien eratzea posiblea eta beharrezkoa dela oroitarazteko xedez sortua da» Ibaiko beste arrainak erakusketa, eta umorearen eta marrazkien bitartez, ibaietara joaten diren zaborrak eta uretako espezie bitxi bihurtzen diren hondakinak ageri dira erakusketan. Erakusketaren batera, koloreztatzeko irudiak dituzten 2.500 koaderno argitaratu dituzte.

Erakusketa, gaur egun, Nafarroako Ospitale Gunean ireki dute baina ondotik Nafarroako hainbat herritan ibiliko dela adierazi dute, «mezua helarazteko maskarak erabiltzea derrigorrezkoa edo hagitz arrunta den bertze gune batzuetara, hala nola osasun zentroak, azokak, supermerkatuak eta azalera handiko saltokiak».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun