Euskaraldia

Euskaltzaleen Topaguneak eta Nafarroako Gobernuak hitzarmena berritu dute Euskaraldia Nafarroan gauzatzeko

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 2a, 15:00

Azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo da Euskaraldiaren bigarren edizioa eta 2018an gisan, Nafarroako eskualde guztietan ari dira herri batzordeak lanean ekimena aitzinera eramateko

Euskaraldiaren bigarren edizioa 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo da. 15 eguneko ariketa soziala izanen da aurtengoa, euskararen erabilera bultzatu eta hizkuntza ohituretan eragiteko helburuz antolatutako ariketa.

Lehen edizioan 22.000 lagun baino gehiagok izena eman zuen Nafarroan eta hamarnaka entitate izan zituen sustatzaile modura lurralde honetan. Milaka ahobizi eta belarripresten parte hartzeaz gain, aurten era guztietako entitateak gonbidatu dira euskaraz aritzeko guneak sortzeko urratsa eman dezaten.  

Elkarlanetik sortutako ekimena da Euskaraldia, eta elkarlan hori irudikatu da gaur Iruñean egindako ekitaldian, ekimenaren sustatzaile diren Euskaltzaleen Topaguneak eta Nafarroako Gobernuak sinatutako hitzarmenaren bidez. Izan ere, Euskaraldia hainbat gizarte eragile eta erakunderen arteko elkarlanari esker antolatzen da. Nafarroako Gobernuaz eta Euskaltzaleen Topaguneaz gain, Euskararen Erakunde Publikoak, Ipar Euskal Herriko Euskal Hirigune Elkargoak eta Eusko Jaurlaritzak ere osatzen dute ekimenaren koordinazio mahaia eta ehunka eragile sozial, erakunde eta entitate pribatu ari dira Euskaraldia bultzatzen. 

Gaurko ekitaldian Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako Kontseilariak, Mikel Arregi Euskarabidea Euskararen Nafar Institutuko Zuzendari Nagusiak eta Oskar Zapata Euskaltzaleen Topaguneko arduradunak parte hartu dute.

Oskar Zapata Topaguneko arduradunak aurtengo Euskaraldiaren leloa Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan izango dela ekarri du gogora, parte hartzaileei ariketan sakontzeko gonbitea egin nahi zaiela azalduz. Euskararen erabilera areagotzeko eta hizkuntza ohituretan aldaketak egiteko prozesua luzea dela azaldu du eta progresiboki urrats kualitatiboak emateko gonbidapena izan nahi du bigarren Euskaraldiak. Zapatak bigarren edizioko nobedade nagusiak aipatu du eta progresibitate horretan ariketak aurten 15 egun iraungo dituela azpimarratu du (aurrekoak baino lau egun gehiago) eta parte hartuko duten norbanakoez gain (ahobizi edo belarriprest roletan parte hartuko duten norbanakoez gain) era guztietako entitateek ere urratsak ematera gonbidatuko direla nabarmendu du.

Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetarako Kontseilariak bere hitzaldian nabarmendu duenez, «inoiz baino beharrezkoagoa da euskararen inguruan lan egiten duten erakundeen eta gizarte-erakundeen arteko lankidetza eta lan bateratuan sakontzea, Nafarroako berezko hizkuntzetako bat sustatzen jarraitzeko».

Gainera, Ollok azpimarratu duenez, «azken datuek bide horretan lanean jarraitzera bultzatzen gaituzte. Datu horien arabera, Nafarroako biztanle euskaldunak ia 7.000 pertsona gehiago dira, 75.000tik gora. Hala ere, NASTATek egindako inkesta horrek berak adierazten digu erabilerak geldialdia izan duela 2016 eta 2018 artean, eta, beraz, horrelako ekimenak inoiz baino garrantzitsuagoak dira».

Amaitzeko, kontseilariak «krisi honetan, tokatu zaigun eta bizitzea tokatzen zaigun honetan, gizarte-erakundeek eta toki-erakundeek egin duten ahalegina» aipatu du: «Tokiko batzordeek gogor lan egin dute eta lan egiten jarraitzen dute; udalerriek eta erakundeek ekimenarekin bat egiten jarraitzen dute, eta aurreko edizioan izena eman zuten eskualdeen kopurua berdindu egin dugu».

 

Herri batzordeak lanean

Oskar Zapatak, Nafarroako Euskaltzaleen Topaguneko arduradunak, azaldu du 2018an bezala, Nafarroako 100 herri baino gehiagotan gauzatuko dela Euskaraldia. Zapataren hitzetan, «honek erakusten du herrietan gogoz eta ilusioz heldu zaiola berriro Euskaraldiari, azken hilabeteetan batzordeek ohiko dinamikari eustea erraza izan ez arren». 

Covid-19ak eragin nabarmena izan duela azaldu da. Izan ere, batzordeak martxan hasita eta entitateekin lanean hasita zeudela heldu zen alarma egoera eta horrek plangintzetan eragin du zuzen-zuzenean, egoera berrira egokitu behar izan dutelako. Baina koordinazio taldetik eta herrietako batzordeetatik lanean jarraitu da hilabete guztietan eta horregatik Euskaraldia aurreikusitako datetan egingo dela berretsi dute antolatzaileek, batzorde asko sendo ari direlako lanean eta entitate askok aurretik hasitako dinamikari eutsi eta ariguneak sortzen jarraitu dutelako.

Irailean abiatuko da ahobizi eta belarriprest modura izena emateko garaia eta ordurako herrietako batzordeak buru-belarri izango dira Euskaraldiaren bigarren edizioaren eragina handia izan dadin.

 

Bigarren edizioko berrikuntza: Ariguneak

Aurtengo berrikuntza nagusia ariketara era guztietako entitateak batzea izango da. Euskaraz aritzeko guneak sortu eta identifikatzea da berrikuntza honen helburua eta espazio edo gune horiei izena eman zaie: ariguneak.

Hamarnaka dira jadanik Nafarroan euskararen erabilera ardatz duen Euskaraldia ariketa sozialerako aktibatzen ari diren ariguneak. 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo den Euskaraldiaren bigarren edizioaren berrikuntza nabarmenetakoa da ariguneena, era guztietako erakunde, enpresa eta elkarteetan sortzen diren euskara erabiltzeko gune babestuena. Izan ere, lehen edizioan hiztunen arteko harremanetan oinarritutako ariketa sozialari talde babestuetan egiten den ariketa gehitu zaio aurten.

Agerraldian deia egin zaie Nafarroa osoko elkarte, enpresa, komertzio, erakunde eta bestelako entitateei, euskaraz aritzeko aukera egongo den guneak sortu ditzaketen aztertu, ariguneak osatu, saretu eta gune horiek babestu ditzaten. Jadanik sektore, tamaina eta izaera oso ezberdinetako erakundeak ekimenarekin bat egin dutela eta euskaraz aritzeko guneen mapa zabala osatzen ari dela azpimarratu dute antolatzaileek.

Ariguneak sortu eta entitateek izena emateko epea irailaren 27rarte irekita egonen dela azaldu da prentsaurrekoan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun