Ekainaren 20an, larunbatean bueltatuko da pilota frontoietara. Zehazki, erremontean, hiru hilabete eta erdiko geldialdiaren ondotik, Hernaniko Galarreta pilotalekuaren 50. Urteurreneko txapelketa abiatuko da. Oriamendi 2010 enpresak eta EITBk elkarlanean osatu dute txapelketa eta bortz larunbatez jokatuko da. Finala uztailaren 18an izanen da.
Lau bikote ariko dira: Aritz Juanenea eta Endika Urrutia II.a saldiastarrek osatuko dute bat. Aritz Zubiri goizuetarra Urrizarekin ariko da eta Ansa II.a-Larrañaga eta Goikoetxea-Barrenetxea IV.a. Larunbatez jokatuko dituzte partida guztiak; ligaxkakoak (bi jaialdiko), larunbat honetan (16:00 ETB), hilaren 27an eta uztailaren 4an. Lehen sailkatuak finalerako sailkatuko dira zuzenean; bigarren eta hirugarren sailkatuek finalerdia jokatuko dute, uztailaren 11n; eta azken sailkatuak kanpoan geldituko dira.
Ekainaren 20ko lehenbiziko jaialdian, lehen partidan Saldiasko bikotea Urriza eta Zubiri goizuetarraren kontra ariko da eta bigarren partidan, Ansa II.a eta Larrañaga, Goikoetxea eta Barrenetxea IV.aren kontra. 300 ikuslerentzako tokia izanen da, baina Oriamendiko arduradunek espero dute osasun egoerak horretarako aukera ematen badu hurrengo jaialdietan kopuru horrek goiti egitea: 1.500 ikusle inguru sartzen dira Galarretan. Horri lotuta, erremontistek protokolo zorrotza bete beharko dute. Berriki, Covid-19ko test serologikoak gainditu dituzte txapelketa jokatuko duten erremontista guztiek. Baita ikusleek ere. Azken horiek maskara eraman beharko dute, ezin izane dute zutik egon, eta segurtasun distantzia mantendu beharko dute. Erremontistek, bertzalde, kamerak izanen dituzte kaskoan, eta horri esker, irudi ikusgarriak ikusteko aukera izanen da.